2012/10/31

Urtarrilaren 12ko mobilizazio erraldoiak lehen ekarpenak jaso ditu

Argazkian, Unai Iturriaga bere marrazkiarekin.

Herrira mugimenduak urtarrilaren 12an Bilbon egingo duen mobilizazio erraldoiak herritar, eragile, sektore, profesional eta norbanako ezberdinen ekarpen ugari jasoko ditu. Horiek horrela, gaurkoan Unai Iturriaga bertsolariak egindako kartela eta Joseba Sarrionandiak beren beregi sortutako poema aurkeztu ditugu Bilboko Kafe Antzokian. Horrekin batera, Gotzon Barandiaran idazleak diseinatutako euskal eszena musikal eta kulturaleko hainbat pertsonaren ekarpenari esker osatutako “Herrira Noa” ekimen kulturala aurkeztu dugu.

“Herrira Noa” ekimen kulturalaren oinarria euskal preso eta iheslariek espetxean edo deserrian sortu dituzten obrak dira eta hainbat musikari eta kulturgileek hartuko dute parte azaroaren 18a eta urtarrilaren 6a bitartean luzatuko den ekimenean. Emanaldi berezi eta errepikaezinak izango dira.
  • Azaroaren 18an, 18:00tan Gernikako Jai Alai Pilotalekuan
  • Abenduaren 2an, 18:00tan Gasteizeko Jimmy Jazz Aretoan
  • Abenduaren 23an, 18:30tan, Villabonako Gurea Zineman
  • Urtarrilaren 6an, 19:00tan, Berriozarko Mendebaldea Ikastetxean
Baina hauek lehen ekarpenak besterik ez dira. Hurrengo astean, besteak beste, Josu Zabala musikariak Sarrionandiaren koplak oinarri hartuta egin duen kantua jendarteratuko dugu. Musikari otxandioarrarekin batera beste hainbat musikari ezagun izango dira. Zabalak abestiaren nondik norakoak eta kolaboratzaileen izenak aipatu ditu.

Amaia Esnal Herrirako kideak urtarrilaren 12ko mobilizazioaren izaera parte hartzaile, ireki eta masiboa aldarrikatu ditu aurkezle lanak egiterakoan.


0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.