2012/11/01

Preso gaixo larriak askatzea eskatu du Getxoko Udalbatzak


Preso gaixo larrien aldeko elkarretaratzea Getxoko udaletxean (argazki albuma)

Getxoko Bilduk EAJk aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean, aipatu bi talde politikoen aldeko botoekin onartu zuten hamahiru preso gaixo larrien baldintzapeko askatasuna eskatzeko mozioa, joan den astearteko udal osoko bilkuran. PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Maitane Nerekan arduratu zen koalizio independentistak berak aurkeztutako mozioa aurkezteaz. Bilduko bozeramaileak mozioa Getxoko Udalean aurkeztearen garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, aipatu zuenez, oso kasu larria bizi izan dugu udalerrian bertan. Anjel Figueroa etxean daukate preso, espetxe arindu egoeran. Gaixotasun larri eta sendaezina duen preso politiko algortarra Langraizko espetxetik atera eta etxera eraman zuten 2008ko azaroaren 12an, bertan zigorra bete dezan. Bestalde, Nerekanek azaldu zuenez, hamahiru preso gaixo larriak askatzea da beraien osasun eskubidea bermatzeko aukera bakarra, hamahiruen osasun egoerari era eraginkorrean aurre egin ahal izateko, beraien inguru afektiboan txertatua eta bere osasunaren zainketa eta arreta zorrotz baten pean egon beharko bailukete. Espetxeak konfiantzazko medikuen arreta ere ukatzen die. Udal batzarra hasi baino lehen hainbat lagunek egin zuten preso gaixo larrien aldeko elkarretaratzea udaletxean bertan, Algortako Herrira bilguneak deituta.

Horrenbestez, Bilduk EAJk aurkeztutako zeharkako zuzenketa (egindako aldaketak beltzez) onartuta, ondoko puntuak onartu zituen Getxoko Udalbatzak:
  1. Getxoko Udalak, preso gaixoen premiazkotasun eta larritasun egoeraren aurrean, bere kezka adierazten du. Era berean indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginez, urrats errealak emateko deia egiten dio Madrilgo gobernuari.
  2. Getxoko Udalak, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz, lege parametroen barruan gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso guztientzat ("hamahiru presoen" ordez) baldintzapeko askatasuna eskatzen du, beti ere beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan.   
  3. Erabaki honen berri, Madrilgo Barne Ministeritza eta Kartzela Zaintzako Epaileari bideratzea.
Mozioaren eztabaidan argi geratu zen PP zein PSE-EE alderdien jarrera preso gaixo larrien egoeraren inguruan. Javier Ruiz zinegotzi popularrak "presoak biktima gisara aurkeztu" nahi izatea egotzi zion Bilduri, "horretarako eskura dituen espazio publiko guztiak bozgorailu bezala erabiliz". Are gehiago, "diskurtso faltsua eta manipulatua erabiltzea" leporatu zien ordezkari independentistei; baita "instituzioen izen ona zikindu nahi izatea, espetxe sistema mendekari gisara aurkeztuz". PPren arabera, hamahiru preso gaixo larriak ez badituzte askatu, "horretarako irizpide mediku eta legalik ez dagoelako da", Ruizen iritziz, "espetxe sistemak pertsonen duintasuna eta osotasunari lehentasuna ematen baitie".

Luis Almansa PSE-EEko bozeramailearen hitzetan, berriz, "txosten medikuetan oinarrituta, Justiziari dagokio preso horiei askatasuna ematea ala ez. Ez ezker abertzaleko erakundeen aholkuetan oinarrituta". Gaineratu zuenez, "zehatz-mehatz betetzen ari da Legea eta ezker abertzaleak banan-banakako neurriak onartzen utzi beharko lieke presoei".

Maitane Nerekan Bilduko bozeramaileak, ordea, "oso larritzat" jo zuen PPk "diskurtso faltsua erabiltzen" ari direla aurpegiratzea. "Aipatu hamahiru lagunen senideekin bildu beharko zinateke beraien egoera zein den ezagutzeko", bota zion Ruizi. Legea betetzen ari den "zalantzan" jartzen ari direla baieztatu zuen koalizio ezkertiarreko kideak: "Adibide bat jarrita, Garzon protokoloa (atxilotuak inkomunikazio egoeran daudenean guztia grabatzea, gero epaile eta abokatuen eskura jartzeko) ez da betetzen atxiloketan daudenean. Hori ez bada betetzen, nola ez dugu zalantzan jarriko beste guztia. Hainbat medikuk esan zuten Iosu Uribetxebarriaren egoera oso larria zela. Almansaren arabera ezker abertzaleko bozkatzaile sutsuak dira guztiak. Botere banaketa dagoenik ere zalantzan jartzen dugu. Estrasburgotik zer edo zer betetzeko eskatzen zaionean Espainiako Estatuari hori atzeratzen joaten dira beti. Bestalde, presoek beraien zigorra bete behar izateak ez du esan nahi berezkoak zaizkion eskubideak ukatu behar zaizkienik".

Senideak udal batzarrean

Proposamenaren eztabaidaren berri zuzena izan zuten bilkura aretora hurbildu ziren preso getxoztarren senideek. Era berean, familiarren ordezkari batek bildutakoei hitz egin zien udal batzarra amaitu eta gero, mozioaren alde egin zutenen jarrera eskertzeko, eta euskal preso politikoen eskubideak urratzeaz gain, espainiar Estatuak bere legeak ez dituela betetzen salatu zuten. Era berean, gogorarazi zuten oraindik badaudela tortura salaketa asko ikertu barik, eta Gobernuak ez duela bete Estrasburgoko epaitegiak agindu diona Parot doktrinaren inguruan.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.