Iturria: Ukberri.net
Argazkian, atzo, igandean, 200 auzokide baino gehiago kaleratu
ziren Agirre eta Iturbururi bere elkartasuna adierazteko.
Josu Iturburu Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteko presidente eta Jagoba Agirre herri bereko jai batzordeko
presidente ohiaren aurkako epaiketa burutu da gaur goizean Espainiako
Auzitegi Nazionalean. Aretoko Penaleko Bigarren Atalean egindako bistan,
fiskala ez da gauza izan bi auziperatuei leporatzen zien terrorismoaren
goratze delitua ez zituen frogetan oinarritzeko. Izan ere, Kepa Landa
eta Jone Goirizelaia hurrenez hurren jai batzordearen eta Brankaren
abokatuek azaldu dutenez, Agirre eta Iturburu beren elkarteko
presidenteak izan zirela besterik ez du argi utzi fiskalak. Haien ustez,
ez du frogatu jai-liburuxkan argitaratutako bi euskal presoren
argazkiak argitaratzeko erabakia nork hartu zuen, ezta erabaki horren
atzetik zegoen motibazioa horiek goratzea zenik ere. Horregatik biek
absoluzioa eskatu dute. Halere, fiskalak eutsi dio bere iritziari eta ez
du akusazioa bertan behera laga, Iturburu eta Agirreren aurkako 18
hileko zigor eskaera mantendu duela. Epaia hilabete baten epean espero
dute.
Lekuko
bakarra izan du Fiskaltzak, ikerketa eta atestatua egin zituen ertzaina.
Polizia bilordea eta bekain faltsuez apainduta azaldu eta abokatuek eta
auziperatuek baino ezin izan dute ikusi. 2011ko abuztuaren 3an Getxoko
PPk Itzubaltzeta / Romoko jaien liburuxkan "terrorismoa" zegoela salatu
zuela aipatu gabe, ertzainak "auzoko taberna guztietan liburuxka
banatzen" zela azaldu du eta bertan, besteak beste, Branka kultur
elkarteak sinatutako iragarki bat ageri zela. Aipatu publizitatean,
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" ETAren Lanbroa komandoan aritzeagatik preso
dagoena eta Imanol Beristain Segiko uztezko kidea zelakoan preso
prebentibo sartu zutena agertzen ziren. Gainera, kontrazalaren barneko
aldean, Itzubaltzetako Txosna Batzordearen orrialdean, presoen aldeko
hainbat ekimen iragartzen zirela. Berak azaldutakoaren arabera, txosnak
jai batzordeak kudeatzen ditu eta bere menpe daude. Horrek bidea eman
dio fiskalari bi iragarkiak elkar lotzeko eta jai batzordeak eta Brankak
ETA eta Segi "talde terroristak omentzeko asmoz" jardun zutela esateko.
Fiskalak sumarioa irakurri ez
Halere, Getxoko Udaleko kultur teknikari batek argitu duenez, Getxoko
Udalak txosna zuten elkarteei txosna batzordea osatzen behartu zien eta
beraz, hori da txosna batzordea eta ez du jai batzordearekin loturarik.
Udalaren bi dekretuak sumarioan zeuden baina, antza, fiskalak ez zituen
irakurri. Jai batzordearekin jarraituz, Jagoba Agirre presidentea
izateagatik erabakiak hartu behar zituela iritzi dio fiskalak eta
arrazonamendu horri jarraiki Brankaren iragarkia onartzea berari
leporatu dio. Kontrakoa esan dio Kepa Juaristi jai batzordeko kideak.
Jagoba Agirrek lehen azaldu bezala, jai batzordea era asanblearioan
jarduten duela erran du Juaristik, presidentea Udalekiko hitzarmenak
sinatzeko baino ez dagoela argi esanez. Hortaz, jai batzordeko 15 kidek
hartu zuten erabakia sumarioan jada ageri zenez, baina erabaki horri
garrantziarik eman gabe, inolako terrorismo goratzeren zantzurik ez
zutela ikusi. Zehazki, argazkikoak Segi eta ETAko kideak zirela ez
zekien Agirrek, berak azaldu duenez.
Fisikoki, Agirrek jai-liburuxka egin zuela ere saiatu da azaltzen
fiskala baina heldulekurik ez du izan horretan ere. Kepa Landa abokatuak
argitu dionez, inprimategiko faktura sumarioan dago eta, bertan,
fotokonposizio lanak ere barne hartuta daude. Beraz, jai batzordeko
kideek ez zuten lan hori egin, frogek azaltzen dutenez.
Brankan, "esku beltza"
Branka kultur elkartean ere arduradunen bat topatzen ahalegindu da
fiskala. Josu Iturburu baino ez du jomugan izan Ministerio Fiskalak.
Baina, Iturburu ez zen sumarioaren hasieran ez akusatua eta ezta lekukoa
ere. 2012ko martxora arte ez zuen Eloy Velasco epaile instruktoreak
deitu, eta gainera ez zion zehaztu inputatuta zegoen ala ez.
Babesgabetasun juridiko horretan, Iturburuk uko egin zion deklaratzeari
eta gaur izan du hurrengo agerpena. Bitartean, ez Velascok eta ezta
fiskaltzak ere ez diote inolako dokumentazio edo lekukotasun
errekerimendurik egin Brankari.
Gaur, Goirizelaiak galdetuta azaldu du Iturburu zelan ekin zion
elkarteak 2011ko jaiei. Maiatza aldera, ez ohiko batzar bat antolatu
zuten gaia eztabaidatzeko. Bertan, 15 bat kidek jai batzordeari festak
egiteko ekarpena ematea erabaki zuten, jai-liburuxkan iragarkiren bat
jarriko zutela. Era berean, hainbat kultur ekitaldi egitea deliberatu
zuten eta bi gaiak aurrera eramateko, batzorde bat antolatzea erabaki
zuten. Batzorde horretarako deialdiak elkarteko panelean iragarri ziren
eta kideek ez zioten Iturbururi egindakoaren berri eman. Berak ez zuen
batzordean parte hartu. Jai-liburuxkako iragarkia argitaratu ostean
ikusi zuela esan du gaur. Fiskala ez da konforme lotu esandakoarekin eta
Ekaitz Sesumaga idazkariari galdetu dio berriro ere batzorde horren
gainean. Sesumagak adierazi dionez, gaur ezin zion esan nortzuk hartu
zuten parte. Izan ere, dokumentazio hori ez zioten ekartzea eskatu.
Horren aurrean, Iturburu aske uzteko estrategia batez mintzatu da
fiskala eta horretarako "inori kontuak ematen ez zion esku beltz batek
kontrolatutako batzorde" bat asmatu izana leporatu die Brankako kideei.
Goirizelaiak, baina, nabarmen utzi du defentsak aurkeztu zituen Branka
kultur elkarteko estatutuak fiskalak ez dituela irakurri. Horrezkero,
elkarteko presidentearen eskuduntzak laburrean lotu eta zeregin
zehatzetarako batzordeak antolatzea eskatzen dute elkarteko agiriek.
"Estatutuak ez betetzea elkartetik kanporatua izateko arrazoia" dela
gogoratu du era berean abokatuak. Bere ustez, batzorde bat deitu nahi
soilik ez, zuzendaritza batzordea "behartuta" zegoen lan taldea osatzen.
Gainera, jarraitu duenez, izenak ez emateko jarrera ez dute izan
Brankako kideek, baina aurretik eskatu ez zaien dokumentazio bat ez
aurkezteagatik kexatzea bidezkoa ez dela azaldu du.
"Terrorismoaren goratzea"
Defentsako abokatuek gogoratu dutenez Auzitegi Gorenak 2009an eta
2010ean sinatutako hainbat epaien bidez, zenbait muga behar dira
terrorismoaren goratze delitua izateko. Besteak beste, ekimen aktiboa
izan behar da eta figura penal horretan ezin da sartu omisiozko gertaera
baten emaitza dena. Landaren ustez, delitua egotekotan, jai batzordeko
kideek ez zuten aktiboki inolako ekintza egin hori bultzatzeko eta,
beraz, haiekin ez lirateke erantzuleak izango.
Abokatuek azpimarratu duten beste kontu bat "terrorismoa goratzeko
asmoaren zantzuak" ez izatea da. Iragarkian ez dago testurik asmo
apologetikoaren seinale ematen duenik. "Oihukatu batera: Erromo
aurrera!" da programazioaz gain ageri den testu bakarra, jaiei lotuta
ematen duena. Bestalde, bertan azaltzen den euskal presoak Euskal
Herrirako ikurrak espetxe arloko eskaerak jartzen ditu aipagai. Era
berean, irudian azaltzen diren ukabilak eta buruen gainean presoen
argazkiak egoteagatik fiskalak topatu duen "goratzeko asmo garbia" ez du
ikusi Goirizelaiak, fiskalak bere iritzia eman bai baina hori
berretsiko lukeen semiotikan aditurik ez baitu deitu konklusio horretara
heltzeko. Azkenik, Brankako kideek behin eta berriro azaldu dute
presoak auzoan pertsona ezagunak, elkarteko bazkideak eta sozietatean
lan ekarpen handia egin dutela. Bere garaian, Brankak "falta diren
bazkideak omentzea" erabaki zuen eta hori presoei ere aplikagarria dela
defendatu du Goirizelaiak.
Urte bat, lau hilabete eta zazpi egun kolokan
2011ko abuztuaren 3an Getxoko PPk salatu zuen Itzubaltzeta / Romoko
jaien liburuxkan "terrorismoaren goratze" delitua egin zela, bertako
iragarki batean bi auzokide preso ageri zirelako. Eloy Velasco
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko epaileak Jagoba
Agirre Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeko presidentea eta
Josu Iturburu Branka elkarteko presidentea galdekatu zituen urtarrila
eta apirilean. Halere, epailea eta fiskala bat etorri ziren PPk
sustatutako ildoarekin.
Jai batzordeak berak jakinarazi zuenez, iazko jaietako liburuxkan
argitaratutako bi iragarkitan "'terrorismoaren goratze' ustezko
delituren bat egon zitekeela uste zuen magistratuak". Lehenengo
iragarkian, Branka kultur elkartekoan, bi auzokide preso ageri ziren:
Imanol Beristain, Segi gazte erakunde ilegalizatuko kide izatea
leporatuta 2010eko urriaren 22an atxilotu
zutena eta egun preso prebentibo gisa epaiketaren zain dagoena eta
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta presoa, Euskal
Herritik urrun 15 urte baino gehiago eman dituena eta ama oso gaixorik
duena. Biak ala biak "preso etarrak" ziren epailearentzat. Bigarrenean,
herriko txosna batzordekoan, epaileak ez zuen zehaztu zein izan zitekeen
usteko legez kanpoko elementua. Bertan, "Euskal Presoak Euskal Herrira"
lelopeko bandera bat ikus daiteke. Gainera, horren egiletza jai
batzordeari egozten zioten, nahiz eta talde horrek ukatu zuen. Auziaren
aurrean, herriko koadrila, dendari, ostalari eta auzokide guztiak deitu
zituzten mobilizazioetan parte hartzera.
Sumarioan agertzen den jai liburuxka Ertzaintzak bildu zuen eta Leioa
eta Getxoko udalei jai batzordea eta bere ordezkaritzari buruzko datuak
eskatu zizkieten. Kasualitatez edo ez, Ertzaintzak eta Espainiako
Auzitegi Nazionalak darabilten iragarkiak Getxoko PPk iazko abuztuaren
3an prentsaren bidez lau haizeetara zabaldutako berberak dira.
Bestalde, antzeko kontua pairatzen ari dira Erandioko Altzaga auzoko Sanagustinetako jai batzordea.
Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen ustez, "gertatutakoak
kolokan jar ditzake herriko jaiak eta orain arte herri honetan suspertu
dugun jai herrikoien eredua. Izan ere, ahalegin bereziak egin beharko
ditugu Inauteriak, Koadrila Eguna, abuztuko herriko jaiak edo Olentzero
aurrera eramateko", aldi berean akusazioei aurre egin behar badiete.
Gainera, "auziak jai batzordean ohi ditugun parte-hartzea eta
pluraltasuna kaltetu ditzakeelakoan gaude", dio jai batzordeak.
Bestalde, "gure herriko denda, taberna eta eragileen adierazpen
askatasunaren aurkako eraso garbia dela" uste dute. Izan ere, Ukberri.net-i adierazi diotenez, "jai batzordeak inoiz ez dio inori esan
zer jarri zezakeen eta zer ez jaiei egindako ekarpenaren truke emandako
espazioan".
Velascok ikertu dituen eta 2011ko abuztuaren 3an Getxoko PPk salatu zituen jai-liburuxkako orriak
Ukberri.net (2012 Abe 04): Madrilen epaituko dituzten bi itzubaltzetarrek auzokideen elkartasuna jaso dute
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.