2012/12/02

Herrira mugimendua: "Espainiako Gobernuaren jarrera probokazio hutsa eta egiazko arduragabekeria da"

Argazkian, Oihartzunak musika taldea azaroko azken ostiralean jotzen Algortan.

Egunotan, 8 eta 9 urte beteko dira Karmele Solaguren eta Sara Fernandez sakabanaketaren ondorioz hil zirenetik. Besarkada beroa igorri nahi diegu haien senitartekoei eta espetxe politika honen zorigaiztoko kalteak pairatu dituzten lagun guztiei. Presoen eskubideak urratu ez ezik, haien ingurune sozial eta afektibo osoari eragiten baitio espetxe politikak. Horrekin batera, maitasunezko mezu bat helarazi nahi diegu, bihotzez, asteburu honetan bisita bat burutu ahal izateko milaka kilometro egitera doazen guztiei. 

Ez da oso atzera egin behar, duela bi asteburu Tafallako hiru lagunek istripua larria izan baitzuten Leonen, Galiziara zihoazela Inés del Río eta Josu Bravo bisitatzera. 2012ko hamahirugarren istripua izan zen. Aurten, 40 lagunek jasan dituzte auto istripuak sakabanaketaren ondorioz. 

Herrira mugimendutik alerta deia egin behar dugu, presoen familiek etengabe jasaten duten arriskuaren aurrean. Presioa eta zigorra gero eta handiagoak dira, nekea ere bai, eta azken asteotan bi salaketa ezagutu ditugu. Biak ala biak, oso larriak, senideen aurkako jazarpena agerian uzten dutenak: Enara Rodríguez hiltzeko ahalegina eta Izaro Arruarteren kontrako mehatxu eta presioak. 


Espainiako Gobernuaren jarrera probokazio hutsa eta egiazko arduragabekeria da. Probokazioa da, sakabanaketaren helburu bakarra egoera horretan daudenengan kalte, amorru eta ezintasun handiagoa sortzea delako. Eta arduragabekeria da, astebururo errepidean hildako gehiago izateko aukerak ugaltzen dituelako. 

Finean, benetan larria da gobernuek, bake prozesua oztopatu nahian, sakabanaketaz, familia hauen oinazeaz eta haien giza eskubideen urratzeaz baliatzen segitzea. 

Eta sakabanaketa lehenbailehen amaitu beharra dagoela diogu, egoera eta politika hauek luzatzeak zuzenean espetxe politikak eragindako biktimen kopurua handitzea ekarriko duelako.

Gobernuak muturreko jarrera hori hartu duela ikusirik, hau da, boikotarena, herritarrei errezeta bikoitza proposatu nahi diegu:
  • Bat: akordio sozial zabal bati heltzea, salbuespen neurriak desagertzearen eta presoen eta familiartekoen giza eskubideak errespetatzearen alde.
  • Bi: akordio hori kalean ikusaraztea, gobernuei giza eskubideen gaian eta bake prozesua bultzatzeko egin beharreko presioa areagotzea. 
Hori dela-eta, datorren urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrak berebiziko garrantzia du oraingo blokeo-egoera gainditzeko. Helburu garbi bat dugu: Bilboko kaleek nabarmen erakustea akordio sozial zabal hau, sakabanaketari eta salbuespen-neurri guztiei amaiera emateko borondatea. Eta helburu hori lortzeko, Bilboko kaleek gainezka egin dezaten, bost aste ditugu buru-belarri lanean aritzeko. 

Manifestazioan modu aktiboan parte hartzeko eta aurretiazko kanpaina aportazio pertsonal eta kolektiboz betetzeko deia egiten dizuegu. Horretarako, www.urtarrilak12.com webgunea sortu dugu. Denok, nork bere esparrutik, zerbait egin dezakegu urtarrilaren 12ko uholde handia sortzeko. 

Lainoa nahinora doa. Baina gu, gu herrira goaz!

Herrira mugimenduak azaroko azken ostiralean plazaratutako irakurgaia.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.