2012/12/02

Herriko musikariak preso eta iheslarien alde kantatuz!



Algortako Herrira bilgunearen jardunarekin bat eginez, 212 gizon-emakume elkartu ginen ostiral iluntzean Algortako Telletxe plazan, azaroko azken ostiraleko elkarretaratzean. Herriko musikariek egin zuten oraingo honetan deialdia, euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekar ditzatela eskatuz. Hain zuzen ere, iraileko azken ostiralean egoitza eta tabernan estreinatu zituen Abian kultur elkartearen eskutik jaso zuten elkartasunaren kriseilua. Oihartzunak taldeak zuzenean jo zuen kontzentrazioan.

Ezer baino lehen, azaroaren 10ean Baionara hurbildu ziren euskal herritar guztiak zoriondu genituen. Baita kanpotik etorri zirenak ere. Denon artean mobilizazio handi bat egin genuen, aspaldi Baionan egin den handiena, eta denon artean eskaera argi bat helarazi genien frantziar agintariei: Zentzu honetan, Baionako manifestazioan batu ditugun indar kualitatibo eta kuantitatibo guztiak Bilbora begira jartzea dagokigu. Urtarrilaren 12an lurrikara txiki bat eragin nahi dugu bertan, inori kalterik egin nahi ez dion baina batzuen kontzientziak astindu nahi dituen lurrikara txiki bat. Herritarrak batu nahi ditugu Bilbon, eta Bilborako bidea ere herritarrok egin dezagun da gure nahia.

Sakabanaketak hil egiten duela ere salatu genuen. Dakizuenez Ines del Rio eta Josu Bravo preso tafallarren hiru lagunek auto istripua izan zuten Ines del Rio bisitatzera zihoazela, dagoeneko presoen senideek sufritzen duten hamairugarren istripua da urte honetan.

Preso gaixoak etxera!
3/4ak beteta dituzten presoak kalera!
Biziarteko espetxe zigorrari ez!
Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira!
Euskal presoak etxera!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.