Showing posts with label oihartzunak. Show all posts
Showing posts with label oihartzunak. Show all posts

2012/12/02

Herriko musikariak preso eta iheslarien alde kantatuz!



Algortako Herrira bilgunearen jardunarekin bat eginez, 212 gizon-emakume elkartu ginen ostiral iluntzean Algortako Telletxe plazan, azaroko azken ostiraleko elkarretaratzean. Herriko musikariek egin zuten oraingo honetan deialdia, euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekar ditzatela eskatuz. Hain zuzen ere, iraileko azken ostiralean egoitza eta tabernan estreinatu zituen Abian kultur elkartearen eskutik jaso zuten elkartasunaren kriseilua. Oihartzunak taldeak zuzenean jo zuen kontzentrazioan.

2011/11/25

Azaroko azken ostirala argazkitan

Musikaren bidetik euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde batu gara Algortan

Argazkian, Oihartzunak taldea gaurko elkarretaratzean.

Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 280 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Herriko musikariek egin dute oraingo honetan hileko azken ostiraleko kontzentraziorako deialdia: Oihartzunak eta Gibelurdiñek taldeek kantez bete dute Telletxe plaza, zuzeneko emanaldia eskainiz. Hain zuzen ere, horiek San Nikolas ikastolako langileen eskutik jaso dute elkartasunaren kinkea. Urriko azken ostiralean beraien lankide Imanol Beristainen egoera salatu zuten irakasle, aita-ama eta ikasleek. Bere jarduera politikoarengatik atxilotua eta, epaiketarik gabe, espetxean jarraitzen du mutilak. Halaber, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano, Iñigo Gutierrez eta Iker Beristain algortarrei ezarritako sententzien zein egindako epaiketen berri izan dugu hilabete honetan. Konponbide garai berri honetan, horiek guztiek lekuz kanpo daude. Txus Martin preso basauritarraren egoera, berriz, gero eta larriagoa da. Hartara, bihar, Basauriko Arizgoiti plazan 17:30ean izango den ekitaldira bertaratzera deitu nahi ditugu algortar guztiak.

2011/11/22

Musikariek egin dute azken ostiralerako deialdia Algortan

Egin Dezagun Bidea ekimenaren Algortako Herri Bilguneak luzatutako gonbiteari erantzunez, herriko musika taldeek parte hartuko dute euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko hilaren 25eko elkarretaratzean. Horien ordezkari modura, Oihartzunak (Oihukatuak kolektiboa) eta Gibelurdiñek taldeek zuzenean joko dute, 20:00etatik aurrera, Telletxe plazan izango den kontzentrazioan. Udara arte egin bezala, Etxerat elkarteak herriko eragile eta elkarteen esku utzi ditu hileko azken ostiraletako deialdiak, presoen eskubideen babesa herriari dagokiolako. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak babesteko konpromisoa adierazten duen kinkea eragile batetik bestera igaroko da hilabete bakoitzeko azken ostiralean, hurrengo deialdia iritsi arte. Tartean, hilabete oso bat izango du dagokion elkarteak, horren alde lan egiteko. Azaroko azken ostiralean Algortako San Nikolas ikastolako langileen eskuetatik herriko musikarien eskuetara igaroko da kinkea.  

Guztion elkartasun eta elkarlanaren bidez, Egin Dezagun Bidea.