Showing posts with label Basauri. Show all posts
Showing posts with label Basauri. Show all posts

2012/10/23

Aitzol Gogorza, gaixo larria, berriz ere espetxean aurkitzen da

Argazkian, Aitzol Gogorza aska dezatela eskatzeko kontzentrazioa Basauriko espetxe aurrean.

Aitzol Gogorza oreretarra, hamahiru gaixo larrietako bat, berriz ere espetxean aurkitzen da atzotik, bost egunez ospitaleratuta igaro ostean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Aitzol lasaiago aurkitzen da, izan ere, Basurtuko Ospitalean medikazioa egokitu diote, eta hemendik aurrera jarraipena egin beharko zaion arren, hobeto aurkitzen da. Behin medikazioa egokituta, atzo berriro ere espetxera bidali zuten, eta egun bere betiko ziegan aurkitzen da. 

Argi dagoena da espetxeak ez diola onik egiten ez Aitzoli eta ezta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamabi presoei ere. Espetxea ez da tokirik egokiena berarentzako. Kontuan izanik, gainera, gora behera handiak izaten dituela tarteka, espetxearen egitura bera eta bere arautegiaren zorroztasuna bere osasunaren kalterako daude zuzenduak. Izan ere, espetxeko aldian aldiko tentsio eta larritasunezko egoerek bere obsesio eta antsietatea larritzea baino ez du eragiten. 

Beraz, Aitzolek eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamabi presoek aske egon beharko lukete bere osasun egoerari era eraginkorrean aurre egin ahal izateko, bere inguru afektiboan txertatua eta bere osasunaren zainketa eta arreta zorrotz baten pean.

2012/10/10

Txus Martinen askatasuna eskatu dute herritarrek Basauriko jaietan

Txus Martin gaixotasun larria duen euskal preso politikoaren askatasuna eskatzeko herritar ugari batu da Basauriko jaietan ere. Bai txupinazoan eta bai kalejira presoekiko elkartasuna erakutsi dute ehunaka herritarrak. 

2012/09/06

Txus Martin espetxean mantentzea “ez dela bidezkoa” plazaratu du Herrirak

Iturria: Bilboko Branka

Duela urtebete, Txus Martinen osasunarekin kezkatuta, Basauriko hainbat lagunek ekimen ezberdinak egiteari ekin zioten bere askatasuna eskatzeko. Gaur beste behin, Bilboko Auzitegi Probintzialaren aurrean mobilizazio bat burutu dute, Txusen eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoen askatasuna aldarrikatzeko. Era berean, gogora ekarri dute irailaren 10ean, lau basauritarrek epaiketa izango dutela Auzitegi Nazionalean Txus eta beste preso gaixoen aldeko kartelak jartzeagatik. Egoera horren aurrean, lau lagunen askatasuna exijitu dute. 

2011/11/25

Musikaren bidetik euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde batu gara Algortan

Argazkian, Oihartzunak taldea gaurko elkarretaratzean.

Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 280 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Herriko musikariek egin dute oraingo honetan hileko azken ostiraleko kontzentraziorako deialdia: Oihartzunak eta Gibelurdiñek taldeek kantez bete dute Telletxe plaza, zuzeneko emanaldia eskainiz. Hain zuzen ere, horiek San Nikolas ikastolako langileen eskutik jaso dute elkartasunaren kinkea. Urriko azken ostiralean beraien lankide Imanol Beristainen egoera salatu zuten irakasle, aita-ama eta ikasleek. Bere jarduera politikoarengatik atxilotua eta, epaiketarik gabe, espetxean jarraitzen du mutilak. Halaber, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano, Iñigo Gutierrez eta Iker Beristain algortarrei ezarritako sententzien zein egindako epaiketen berri izan dugu hilabete honetan. Konponbide garai berri honetan, horiek guztiek lekuz kanpo daude. Txus Martin preso basauritarraren egoera, berriz, gero eta larriagoa da. Hartara, bihar, Basauriko Arizgoiti plazan 17:30ean izango den ekitaldira bertaratzera deitu nahi ditugu algortar guztiak.

2011/11/18

Txus Martin preso gaixo basauritarra Langraizera eraman dute

Txus Martin presoa Basauriko espetxetik Langraizera eraman dute. Martinek gaixotasun larri eta sendaezina pairatzen du eta bere osasun egoerak ez du gomendatzen espetxean jarraitzea, are gutxiago etengabeko leku-aldaketen menpe egotea.
Egin Dezagun Bideak Txus Martinen berehalako askatasuna exijitzen du. Ez dugu onartzen Martinen bizitza eta eskubideekin jolasten egotea. Gaixotasun larria pairatzen du eta osasun asistentzia egokia jaso ahal izateko kalean behar du. Basaurin, bere herrian, hainbat dira azken asteetan egindako ekimenak, horien arteak Basauriko Udalak berak eskatutako neurriak. Basauriko herritarrek ere argi dute, Txus Martinen eskubideak errespetatuak izan behar dira eta berehala aske utzi behar dute.

Egoera ez da onargarria. Hortaz, enplazamendu zuzena egiten diogu Espetxetako Zuzendaritzari behingoz neurriak hartu eta Txus Martín aske uzteko. Martinek aske behar du, bere oinarrizko eskubideak zapaldu eta osasun asistentzia egokia galarazten ari dira.
Bihar bertan, 12:30ean, Basauriko espetxeko atarian egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.