Argazkian, Oihartzunak taldea gaurko elkarretaratzean.
Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 280 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Herriko musikariek egin dute oraingo honetan hileko azken ostiraleko kontzentraziorako deialdia: Oihartzunak eta Gibelurdiñek taldeek kantez bete dute Telletxe plaza, zuzeneko emanaldia eskainiz. Hain zuzen ere, horiek San Nikolas ikastolako langileen eskutik jaso dute elkartasunaren kinkea. Urriko azken ostiralean beraien lankide Imanol Beristainen egoera salatu zuten irakasle, aita-ama eta ikasleek. Bere jarduera politikoarengatik atxilotua eta, epaiketarik gabe, espetxean jarraitzen du mutilak. Halaber, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano, Iñigo Gutierrez eta Iker Beristain algortarrei ezarritako sententzien zein egindako epaiketen berri izan dugu hilabete honetan. Konponbide garai berri honetan, horiek guztiek lekuz kanpo daude. Txus Martin preso basauritarraren egoera, berriz, gero eta larriagoa da. Hartara, bihar, Basauriko Arizgoiti plazan 17:30ean izango den ekitaldira bertaratzera deitu nahi ditugu algortar guztiak.




