2012/12/26

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrarekin bat egitea eskatuko diote bihar Getxoko Udalari

Argazkian, Getxoko Udalbatzak ere preso gaixoen aldeko mozioa onartu zuen urriaren 30ean EAJren babesaz, Bilduk jeltzaleek aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean.

Herrira mugimenduaren izenean Getxoko Bilduk aurkeztutako mozioa tarteko, urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira!” lelopean antolatutako mobilizazio orokorrarekin  bat egiteko eskatuko zaio, abenduko udal batzarrean, Getxoko Udalari. Ohiko osoko bilkura bihar, osteguna, izango da goizeko 10etatik aurrera, udaletxean. Testuinguru horretan, euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko espetxe-neurriak indarrik gabe uztea eskatzen da. Horien adibide bezala jartzen dira, daukan gaixotasun larriagatik etxean, baina preso daukaten Anjel Figueroa Fernandezen egoera; eta zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik baldintzapeko askatasunean egon beharko luketela Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi, Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Endika Lejarzegi Olabarrieta algortarrek,  Jagoba Terrones Arrate berangoztarrak, eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrak. Getxo udalerrian sakabanaketa politikaren ondorioak ere aski ezagunak ditugula ere aipatzen du mozioak: Antonia Hernandez Rodriguez, etxean preso daukaten Anjel Figueroa algortarraren amama, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala‐Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean.

Besteak beste, Sopelako Udalak bat egiten du Herrira mugimenduak urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira!” lelopean antolatu duen mobilizazio orokorrarekin. Hala adostu zuten joan den osteguneko ohiko udal bilkuran. Mozioa alkatetza duen Bildu taldeak aurkeztu zuen, eta koalizio abertzalea osatzen duten zazpi zinegotzien aldeko botoa jaso zuen. EAJko zazpi ordezkariak abstenitu egin ziren, eta PSE-EEko zinegotzi biak eta PPko zinegotzi bakarrak aurka bozkatu zuten. Beraz, mozioak aldeko zazpi boto eta kontrako hiru boto jaso zituen



0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.