Showing posts with label bildu. Show all posts
Showing posts with label bildu. Show all posts

2013/04/03

197/2006 doktrinaren kontrako mozioa ez du garrantzitsutzat jotzen Urdulizko alkateak

Argazkian, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra da egun 197/2006 doktrina ezarrita daukan eskualdeko preso bakarra.

Atzoko udal batzarrean 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrinaren kontrako urgentziazko mozioa aurkeztu zuen Urdulizko Bilduk. Javier Bilbao EAJko alkateak horri emandako erantzuna gogor gaitzetsi du Urdulizko Herrira bilguneak. Preso eta iheslari politikoen aldeko eragileak salatu duenez, 197/2006 doktrinaren mozioa "ez zela garrantzitsua" eta "ez zuela apirilaren 2ko ohiko udalbatzarreko gai ordenean sartuko" esan zuen udal agintari jelkideak. Horren aurrean, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikari bukaera emateko, 197/2006 doktrina indargabetzea ezinbestekoa dela aldarrikatu du Urdulizko Herrirak. "Zoritxarrez, badirudi batzuei ez zaiela konponbidearen aldeko pausurik ematea interesatzen, haiek sortu zutena mantenduz eta euskal jendartearen sufrimendua luzatuz. Noiz arte?", aurpegiratu diote EAJri.

Bestalde, guzti hori gutxi balitz bezala, Herrirako kide batek orain bi hilabete (alkateari) egin zion eskakizunaren erantzunaren zain daudela gogoratu diote Urdulizko Herrirako kideek Javier Bilbaori. 

Kitxu askatu!
197/2006 doktrina eten!

2012/12/26

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrarekin bat egitea eskatuko diote bihar Getxoko Udalari

Argazkian, Getxoko Udalbatzak ere preso gaixoen aldeko mozioa onartu zuen urriaren 30ean EAJren babesaz, Bilduk jeltzaleek aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean.

Herrira mugimenduaren izenean Getxoko Bilduk aurkeztutako mozioa tarteko, urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira!” lelopean antolatutako mobilizazio orokorrarekin  bat egiteko eskatuko zaio, abenduko udal batzarrean, Getxoko Udalari. Ohiko osoko bilkura bihar, osteguna, izango da goizeko 10etatik aurrera, udaletxean. Testuinguru horretan, euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko espetxe-neurriak indarrik gabe uztea eskatzen da. Horien adibide bezala jartzen dira, daukan gaixotasun larriagatik etxean, baina preso daukaten Anjel Figueroa Fernandezen egoera; eta zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik baldintzapeko askatasunean egon beharko luketela Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi, Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Endika Lejarzegi Olabarrieta algortarrek,  Jagoba Terrones Arrate berangoztarrak, eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrak. Getxo udalerrian sakabanaketa politikaren ondorioak ere aski ezagunak ditugula ere aipatzen du mozioak: Antonia Hernandez Rodriguez, etxean preso daukaten Anjel Figueroa algortarraren amama, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala‐Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean.

2011/12/12

Hasi dute euskal presoen eskubideen aldeko baraualdia

Argazkian, Getxoko Bilduk asteazkenerako egindako deialdia.

Euskal presoen eskubideen aldeko baraualdia egingo dute Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialek gaurtik hasita igandera bitartean Donostian, Ibaeta Fakultatean. 24 orduko txandatan ariko dira. LAB, EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuko ordezkariek hasi dute baraualdia. Gazte eragileek egingo dute bihar baraualdia, ikasleek eta irakasleek asteazkenean, mugimendu feministek ostegunean, alderdi politikoen eta erakunde publikoen ordezkariek ostiralean, mugimendu sozialek larunbatean, eta iganderako elkarretaratzea deitu dute eguerdiko hamabietan Donostiako Bulebarren.

Asteazkenean udaletxean elkartzera deitu du Getxoko Bilduk

Abenduaren 14ean, asteazkena, Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan kontzentrazio, baraualdi eta ekitaldi ezberdinak izango dira, urtarrilaren 7an Bilbon izango den manifestaldira dei eginez. Algortako Herri Bilgunearen laguntzaz, Getxoko Bilduk "Tortura Euskal Herrian" dokumentala emango du 11:00etan eta, ondoren, 12:30ean kontzentrazio bat izango da Getxoko udaletxeko sarrera nagusiaren aurrean. Beraz, asteazkenean, abenduaren 14ean, goizeko 11etan, udaletxeko sarrera nagusian bil gaitezen. Bidea Egin Dezagun eta gu guztiokin urtarrilaren 7an kolosala izango da!