2013/02/06

Fiskalak ez du argudio nahikorik eman Erandioko hiru lagunak erruztatzeko

Argazkian, auzotarrek babesa agertu zieten ostiralean Madrilen epaitu dituzten hiru erandioztarrei / cc-by Ukberri.net

Aretoan 40 bat lagun zituztela, Erandioko hiru auzokide epaitu zituzten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilgo San Fernando de Henares herriko pabiloietako batean, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Auzia 2011ko Erandioko San Agustin jaietako liburuxkan Hegoalde kultur elkarteak ipinitako iragarkiagatik abiatu zuten. Iragarki horretan, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kidea izatea leporatu zioten, Hegoaldeko bi bazkideren alaba den eta egun kalean dagoen Erika Bilbao preso politiko erandioztarraren argazkia agertzen zen, eta arrano beltzaren logotipoa. Hori "terrorismoaren goratzea" delakoan, 18 hilabeteko kartzela zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa ezarri nahi diete, Iñaki Duñabeitia Erandioko Altzaga auzoko Jai Batzordeko presidenteari iragarkia ez zentsuratzeagatik eta Jose Angel Torre "Txantxel" eta Mikel Urriz Hegoalde Kultur elkarteko zuzendaritza kideei iragarkiaren erantzule gisa. Dena den, Nafarroako diputazioko fatxadan ere agertzen den Arrano Beltzaren esanahia gora eta behera, fiskalak eta bere lekukoek ez zuten argudio nahikorik eman hiru erandioztarrek delitua egin zutenik frogatzeko. Are gehiago, Erika Bilbao kalean eta epaitzeke dagoela gogoratu zuen Kepa Landa abokatuak, "terroristatzat" jo ez duten pertsona bat nola goratu daitekeen azpimarratzeko.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.