2013/02/02

Mitxel Turrientes preso lasartearraren hiru lagunek istripua izan dute bisitara zihoazela

Herrera espetxean preso dagoen Mitxel Turrientes lasartearraren hiru lagunek sakabanaketak 2013. urtean eragindako lehen istripua pairatu zuten, atzo gauean, bisitara zihoazela, Etxerat elkarteak zabaldu duenez. Burgos parean zihoazenean, errepidean kazkabarra eta izotza zegoen, eta ondorioz kotxearen kontrola galdu zuten. Zorionez, hiru lagunak ez ziren zauritu, baina, autoak kolpe handia zuen. Gauzak honela, bisitarik egin gabe eta autoa Burgosen utzita itzuli behar izan zuten etxera, taxi batean.

Aipatu bezala, honakoa sakabanaketak 2013. urtean eragin duen lehen istripua izan da. Baina, 2012. urtean bakarrik 13 istripu eragin zituen, eta sakabanaketa martxan jarri zenetik 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan. Algortan ondo baino hobeto ezagutzen ditugu sakabanaketa politikaren ondorioak: Antonia Hernandez Rodriguez, etxean preso daukaten Anjel Figueroa algortarraren amama, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala-Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean. 75 urte zituen hil zenean.

"Asteburu honetan bertan guztiok autoa hartu eta errepidera irteteko beldurrez gaude, baina, milaka senide eta lagunek astebururo bezala autoa, furgoneta, autobusa, trena edo hegazkina hartu eta milaka kilometro egin ditugu edo egingo ditugu gertukoak ikusi ahal izateko. Beste behin gure bizitzak arriskuan jarriz. Baina, gertaera hauek argi erakusten dute sakabanaketarekin berehala amaitu behar dela. Ezin dugu horrela jarraitu. Gure senide eta lagunen eta gure eskubidea delako, euskal presoak Euskal Herrian egon behar dute", adierazi du Etxeratek.

Sakabanaketarik ez!
Euskal presoak Euskal Herrira ORAIN!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.