2013/02/06

Herrirak mobilizazioak eta ekimenak antolatu ditu Estrasburgoko hitzorduari begira

Argazkian, atzo emandako prentsaurrekoa.

Atzo, sortu zenetik lehen urteurrena bete zuen egunean, euskal preso politikoen egoerak ez duela hobera egin ohartarazi zuen Herrira mugimenduak. Horren erakusle ditu sakabanaketak eragindako azken istripua eta 197/2006 doktrinaren egoera. Doktrinak presoen eskubideak urratzen dituela Estrasburgok berak ohartarazi zuen arren, Espainiak espetxe zigorra luzatzen jarraitzen duela salatu zuen. Martxoaren 20an aztertuko du gaia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Ines del Rio presoaren egoeraren inguruko azken erabakia hartuko du, eta, Herriraren esanetan, berebiziko garrantzia izango du ebazpen horrek, 197/2006 doktrinaren zilegitasuna gain behera bota dezakeelako betiko. Doktrina ezabatzea ezinbestekoa dela dio Herrirak, eta horretan indar egiten saiatuko da. Euskal gizartearen gehiengoak horixe nahi duela seguru dago, eta aldarri hori ikusarazten saiatuko da Estrasburgon. Horretarako, indarrak batu nahi ditu; mezu bateratua eman. Beraz, ekitaldi bateratu bat adosteko asmoz, alderdi guztiekin eta gizarte eragileekin bilduko da preso politikoen eskubideen aldeko mugimendua. 

Atzoko agerraldiko testua:

Egun on,

Gaur urtebete sortu zen Herrira. Eta zoritxarrez ezin dugu albiste onekin ospatu. Orain arte bezala, oinazea eta eskubideen urratzeak baizik ez dakarren egoeran gaude, eta horren froga dira gaurko prentsaurrekoan hizpide izanen ditugun gaiak.

Ezer baino lehen, aurreko asteburuan Mitxel Turrientes Lasarteko presoaren hiru lagunek izandako auto istripua aipatu nahi dugu. Zorionez ez zen zauritu larririk egon.

Aurtengo lehendabiziko istripua izan da, baina, zoritxarrez, ziurrenik ez da azkena izanen. Horrexegatik, elkartasunezko besarkada bat hemendik sakabanaketaren hiru biktima berri horiei, bai eta euskal preso politikoen senitarteko eta gertuko guztiei ere. Horrekin batera, gure kezka adierazi nahi dugu egoera honek etenik ez duelako, eta sakabanaketak tragedia bat eragin dezakeelako edozein asteburutan.

Beste alde batetik, datorren martxoaren 20an Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, Espainiako Estatuak 2012ko uztailaren 10eko epaiaren kontra aurkeztutako errekurtsoa aztertuko du. Epai hartan, Estrasburgoko Auzitegiak adierazi zuen Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela, eta Ines del Rio berehala aske utzi behar zutela dekretatu zuen.

Espainiako Estatuak, ordea, ez du epaia onartu, are gehiago, azken hilabeteetan giza eskubideak urratzeko estrategiari ekin dio. Atzo bertan jakin genuen zigorrak luzatu dizkiela beste bi euskal herritarri, aske gelditzeko eguna ezarria bazuten ere, Ramón Aldasorori eta Raúl Alonsori, hain zuzen ere. Eta duela bi aste gauza bera egin zuten beste hiru presorekin. Guztira, 73 euskal herritar daude espetxean zigorra osorik beteta, 20, 25 eta 30 urte preso eman ondoren, urtetan aurrera doazela eta eritasun larriekin kasu batzuetan.

Une honetan, salbuespen-neurri horiei eusteak helburu bakarra du gure ustez, konponbiderako eta bakerako prozesua oztopatzea alegia, eta gatazka eta sufrimendua luzatzea, euskal gizarteak egoera hori gainditu nahi duela argi egonda ere.

Beraz, goi mailako auzitegi horren erabakiak berebiziko garrantzia duelakoan, gure helburua, indar guztiak batuta, urtarrilaren 12an gizarteak emandako mandatua Europara eramatea da: giza eskubideak, irtenbidea, bakea.

197/2006 doktrina indargabetzea ezinbestekoa da euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikari bukaera emateko. Herrira-k mezu argi eta positiboa eraman nahi du Europara: Euskal Herriko herritarren gehiengo zabala Estrasburgoko epaiaren alde dagoela, eta aktibo garrantzitsutzat daukala konponbiderako prozesuan.

Horri dagokionez, gonbidapena egiten diegu eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei, erakunde guztiei eta herritar guztiei denon artean, pluraltasuna oinarri, Europara mezu argi bat eraman dezagun: beharrezkoa dela espetxe politika aldatzea, helburua konponbidea izanik eta ez mendekua.

Horretarako, harremanetan jartzen ari gara urtarrilaren 12ko manifestazioan egon ziren guztiekin, baita egon ez zirenekin ere. Zehazki, elkarrekin lan egiteko planteamendu bat lantzen ari gara, hiru ardatz dituena:

1) Euskal gizarteak Estrasburgoren epaiarekin bat egite hori azaleratu dadila ekitaldi unitario batean. Esan dugunez, prest gaude malgutasunez ekimen horren eta beste batzuen xehetasunak adosteko, mezua ahalik eta kontsentsu handienarekin eramateko Europara.

2) Eragile bakoitzak, nork bere eremuan, sentsibilizazio, salaketa eta mobilizazio bideak aztertu ditzala doktrina hori indargabetu dadila eskatzeko.

3) Denok batera gogoeta prozesu bati hasiera ematea, ongi pentsatzeko zer egin genezakeen eragile politiko, sindikal eta sozialek salbuespen-neurri horiek bertan behera uzten ez badituzte.

Datozen egunetan aditzera emanen dugu nolako fruituak eman dituzten harreman hauek, eta martxoaren 20ko ahozko epaiketa dela-eta zer ekimen jarriko ditugun martxan.

Era berean, Herriraren ordezkari batzuk Bruselara eta Estrasburgora joanen gara ahozko epaiketaren aurreko asteetan, Europako erakundeei eta gizarteari giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko mezu hau helarazteko.

Bestetik, martxoaren 20an mobilizazioak eginen dira 197/2006 doktrinaren ondorioak jasaten dituzten preso guztien herrietan. Herritar guztiei parte hartzeko deia egiten diegu.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.