Showing posts with label martxoak 20. Show all posts
Showing posts with label martxoak 20. Show all posts

2013/03/11

AZKEN ORDUA: Tafalla eta Iruñeko mobilizazioak, debekatuak

Argazkian, Iruñeko Iturrama auzoan Ines del Rioren askatasunaren aldeko ekimen ikusgarria.

Ez diegu men eginen debeku horiei, eta herritarrei dei egiten diegu larunbat eguerdian Tafallara joateko, jende oldea bil dadin, eta martxoaren 20an, asteazkena, arratsalderako Iruñean eta Euskal Herri osoan antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko.

Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak debekatu egin du Herrirak heldu den larunbaterako Tafallan deitutako manifestazioa, bai eta martxoaren 20an, asteazkena, Iruñean egitekoa den bilkura ere. Bi mobilizazio horien helburua honakoa da, hitzez hitz: “pertsona guztien giza eskubideak errespeta daitezela eskatzea eta, zehazki, Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailaren 10ean emandako epaia bete dadila”.

Debekuak mobilizazioen goiburuan du oinarri: “197/2006 doktrina eten. No a la cadena perpetua. Inés askatu”. Gobernuaren Ordezkaritzaren ebazpenean onartzen da “goiburua kaltegabea dela irudi lezakeela”, baina, Inés del Ríoren izena sartuta dagoenez, manifestazioen helburua “ez da hain kaltegabea, ez eta doktrina bat ez aplikatzeko eskaera soil bat ere”, ETAkoa izateagatik zigortutako pertsona bat “goratu eta haren alde egitea” baizik, hark egindakoa “goretsi, babestu eta justifikatuz”.

Mobilizazio hauen debekuak agerian uzten du Espainiako Gobernua arduragabea dela eta tematurik dagoela eskubideen urraketan. Alde batetik, Inés del Ríoren giza eskubideak larriki urratzen ditu, ez baitu betetzen Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, aske uzteko agindu zuena alegia. Eta oraingoan, gainera, Giza Eskubideen Goi-Auzitegiaren epai bat bete dadila eskatzen dutenen eskubide zibilak ere urratzen ditu.

2013/02/06

Herrirak mobilizazioak eta ekimenak antolatu ditu Estrasburgoko hitzorduari begira

Argazkian, atzo emandako prentsaurrekoa.

Atzo, sortu zenetik lehen urteurrena bete zuen egunean, euskal preso politikoen egoerak ez duela hobera egin ohartarazi zuen Herrira mugimenduak. Horren erakusle ditu sakabanaketak eragindako azken istripua eta 197/2006 doktrinaren egoera. Doktrinak presoen eskubideak urratzen dituela Estrasburgok berak ohartarazi zuen arren, Espainiak espetxe zigorra luzatzen jarraitzen duela salatu zuen. Martxoaren 20an aztertuko du gaia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Ines del Rio presoaren egoeraren inguruko azken erabakia hartuko du, eta, Herriraren esanetan, berebiziko garrantzia izango du ebazpen horrek, 197/2006 doktrinaren zilegitasuna gain behera bota dezakeelako betiko. Doktrina ezabatzea ezinbestekoa dela dio Herrirak, eta horretan indar egiten saiatuko da. Euskal gizartearen gehiengoak horixe nahi duela seguru dago, eta aldarri hori ikusarazten saiatuko da Estrasburgon. Horretarako, indarrak batu nahi ditu; mezu bateratua eman. Beraz, ekitaldi bateratu bat adosteko asmoz, alderdi guztiekin eta gizarte eragileekin bilduko da preso politikoen eskubideen aldeko mugimendua.