Argazkian, Iruñeko Iturrama auzoan Ines del Rioren askatasunaren aldeko ekimen ikusgarria.
Ez diegu men eginen debeku horiei, eta herritarrei dei egiten
diegu larunbat eguerdian Tafallara joateko, jende oldea bil dadin, eta
martxoaren 20an, asteazkena, arratsalderako Iruñean eta Euskal Herri
osoan antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko.
Gobernuak Nafarroan duen ordezkari
Carmen Albak debekatu egin du Herrirak heldu den larunbaterako Tafallan
deitutako manifestazioa, bai eta martxoaren 20an, asteazkena, Iruñean
egitekoa den bilkura ere. Bi mobilizazio horien helburua honakoa da,
hitzez hitz: “pertsona guztien giza eskubideak errespeta daitezela
eskatzea eta, zehazki, Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak
2012ko uztailaren 10ean emandako epaia bete dadila”.
Debekuak mobilizazioen goiburuan du
oinarri: “197/2006 doktrina eten. No a la cadena perpetua. Inés askatu”.
Gobernuaren Ordezkaritzaren ebazpenean onartzen da “goiburua kaltegabea
dela irudi lezakeela”, baina, Inés del Ríoren izena sartuta dagoenez,
manifestazioen helburua “ez da hain kaltegabea, ez eta doktrina bat ez
aplikatzeko eskaera soil bat ere”, ETAkoa izateagatik zigortutako
pertsona bat “goratu eta haren alde egitea” baizik, hark egindakoa
“goretsi, babestu eta justifikatuz”.
Mobilizazio hauen debekuak agerian uzten
du Espainiako Gobernua arduragabea dela eta tematurik dagoela
eskubideen urraketan. Alde batetik, Inés del Ríoren giza eskubideak
larriki urratzen ditu, ez baitu betetzen Estrasburgoko Auzitegiaren
epaia, aske uzteko agindu zuena alegia. Eta oraingoan, gainera, Giza
Eskubideen Goi-Auzitegiaren epai bat bete dadila eskatzen dutenen
eskubide zibilak ere urratzen ditu.
Gaur goizean administrazioarekiko
auzi-errekurtso bat aurkeztu dugu Nafarroako Auzitegi Nagusian. Horrekin
batera, harremanetan gaude alderdiekin, sindikatuekin eta gizarte
eragileekin, debekuak gaindituta martxoaren 16an eta 20an Tafallako eta
Iruñeko kaleetara atera nahi dugulako giza eskubideen, konponbidearen
eta bakearen aldeko pankarta, berme guztiekin.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.