2013/03/06

Aurrekontuen onarpena ahalbidetzeko presoen senideei laguntza kendu die Berangoko EAJk

Argazkian, presoen aldeko ekimena Berangon / cc-by Ukberri.net.

Aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko presoen senideei laguntza kentzea baietsi du Berangoko EAJk, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. "EAJk landutako aurrekontuetan aurreikusita zegoen ETAren senideei bidaiak ordaintzen laguntzeko diru-partida ezabatzea lortu du Berangoko PPk", adierazi du Lola Malo de Molina tokiko popularren tokiko bozeramaileak, komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean. Hori horrela, biharko udal osoko bilkuran Alderdi Popularra abstenitu egingo da kontuen bozketan, horiek onartzea ahalbidetuz. Malo de Molinak aipatutakkoaren arabera, "espetxe ezberdinetan beraien familiarrek ETAko presoak bisitatzeko 14.161 euro" aurreikusten zituen jelkideek aurkeztutako aurrekontuen zirriborroak. Berangoko PPko eledunaren iritziz, "gehien behar dutenen beharrizanak asetzea eta horiek lehenestea suposatzen du aurrekontuak lantzea". "Diru publikoa horrelako bidaiak ordaintzeko nola bideratu dezakeen helarazi genion EAJri", gaineratu duenez. Malo de Molinaren hitzetan, "sen onekoa" da diru-partida hori kentzea, eta hurrengo urteetan "berriro sartzea pentsatu ere ez izatea" espero du.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.