2013/09/03

Presoen bi senitarteko zauritu aurtengo zazpigarren auto istripuan

Aranjuezko kartzelan preso den Asier Aginako durangarraren amak eta lehengusinak izan zuten auto istripua atzo, astelehena, aurrez-aurreko bisitara bidean. Ezbeharra goizeko 10etan izan zen Madrileko Guadalix de la Sierra udalerriaren parean, errepidearen estugune batean lur orotako ibilgailu batek atzetik jo eta bidetik atera zituenean. Senide biak ospitalera zuzendu ostean eta zegozkien probak egin eta gero, jasotako kolpeak eragindako lesio zerbikal eta lunbarra diagnostikatu zieten. Aurrez-aurreko bisita gabe geratu ziren eta kotxeak kalte handiak izan zituen. 

Honakoa sakabanaketaren ondorioz, senide eta lagunek aurten pairatzen duten zazpigarren istripua da; 17 lagunek izan dituzte istripu hauek. Algortan ondo baino hobeto ezagutzen ditugu sakabanaketa politikaren ondorioak: Antonia Hernandez Rodriguez, etxean preso zegoela orain ia hiru hilabete hilik aurkitutako Anjel Figueroa Fernandez algortarraren amama, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala-Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean. 75 urte zituen hil zenean.

Euskal preso politikoen senide eta lagunak milaka kilometro egitera behartuak direla astebururo dispertsio politikaren eraginez, Etxerat elkarteak salatu duenez. Istripuak, osasunaren hondatzea, eta 16 kasutan ere, heriotza errepidean..., hau da, egungo espetxe politikak dakarren kalte-ordaina legez dagokigun bisita eskubidea gauzatzeko. Etxeratek dispertsioan oinarritutako espetxe politikarekin bukatzea eta senide zein presoei dagozkien eskubideak errespeta daitezen aldarrikatzen du.

Sakabanaketarik ez!
Euskal presoak Euskal Herrira ORAIN!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.