2013/09/04

Sakabanaketaren amaiera eskatzeko elkarretaratzea izango da ostiralean Laudion

Espetxe politikak ez du atsedenik ematen, bere aplikaziotik eratorritako eskubide urraketa lazgarria etengabekoa baita. Horren eredu argia dira Aranjuezen dagoen Asier Aginako presoaren bi senideek pairatutako istripua –bizkarreko lesioak eragin dizkiena- eta Pablo Gorostiagak hiltzera zihoan bere emaztea azkeneko aldiz bisitatzeko aukera ez izatea. Laudioko bizilagunak, 70 urte baino gehiago ditu eta Herrera de la Manchako espetxe urrunean preso, koman zegoen bere bikotea zen Judith Uriarte bisitatu ahal izateko baimena eskuratu zuen duela astebete baino gehiago. Baina, baimen hori izan eta trasladatua izateko denbora nahikoa izan arren, Gorostiagak ezin du Judith Uriarte berriro ere bizirik ikusi ahal izan.

Gertatutakoa erabat krudela eta arbuiagarria izateaz gain, euskal jendartearen gehiengo baten bake eta konponbide nahiaren kontra jotzen du. Aginakoren senideek pairatutako ezbeharra zein Gorostiagak sufritutako egoera bortitzak, sakabanaketa politikoan dute sorburua. Giza eskubideak urratzen dituen neurri arbitrarioa da dispertsioa, euskal jendartearen baitan gehiengo zabal baten nahiaren kontrakoa eta nazioarteko hainbat eragile eta instituzioek salatutakoa. Irakurketa sinplea da, euren eskubide zibil guztiak indarrean dituzten presoen senide eta lagunek astebururo ehunka kilometro egitera behartuta egongo ez balira, istripu, zauri eta heriotza arrisku modu nabarmenean jaitsiko litzateke. Eta, Gorostiaga Euskal Herrian egongo balitz, Judith Uriarte bizirik agurtzeko aukera izango zukeen. 


Sufrimendu eta eskubide urraketa guztiekin amaitzeko garaia da. Bake eta konponbidearen bidean, euskal jendartean erronka kolektibo erraldoia du begien aurrean: Sakabanaketa politikarekin behingoz amaitzea. Astebururo, milaka euskal herritarren pairatu behar duten minari, arriskuari eta giza eskubideen urraketari aurre egitea. Europar Batasunaren testuinguraren baitan, edozein oinarri etiko eta giza eskubideen aurka jotzen duen salbuespen neurri honen aplikazioa ez da onargarria. Hortaz, ezinbestekoa da, sakabanaketaren aurkako ahalik eta borondate gehien biltzea, amankomuneko lan espazioak sortzea eta bizitza soziala dagoen gune guztiak aldarri honekin blaitzea. 

Horiek horrela, gertatutako salatu eta berriro ere gerta ez Darin eskatzeko, Herrirak elkarretaratzea deitu du ostiral honetan Laudion. Hitzordua 19:30ean izango da Plazan, “Sakabanaketarekin amaitu, euskal presoak Euskal Herrira” lemapean.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.