Argazkian, atzoko manifestazioa Itzubaltzetan / cc-by Ukberri.net.
Herriraren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunetatik
bederatzik uko egin diote gaur goizean Guardia Zibilen aurrean
deklaratzeari: Amaia Esnal, Ekain Zubizarreta, Jesus Mari Aldunberri,
Eneko Ibarguren, Jose Antonio Fernandez, Roberto Noval, Ibon Meñika,
Beñat Zarrabeitia eta Oskar Sanchezi; azken hori, Itzubaltzeta / Romoko
24 urteko laguna. "Berria" egunkariak zehaztu duenez,
atzo gauean deklaratu behar zuten Guardia Zibilaren aurrean, Nagore
Garcia, Manu Ugartemendia, Fran Balda, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol
Karrera, Eneko Villegas, Gorka Gonzalez eta Ane Zelaia, baina horiek
ere hitz egiteari uko egin zioten. Sumarioa gaur goizean ireki
dutela-eta abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalera joan dira epaileak
atxilotuei zehazki zer leporatzen dien jakitera. Bihar 09:30ean hasiko
dira deklaratzen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean,
iturri judizialek jakinarazitakoaren arabera, eta arratsaldera arte
luzatuko da. Inkomunikatuta ez dauzkatenez, gehienez ere 72 ordura luza
dezake Guardia Zibilak atxiloaldia. Gainera, dei baterako eskubidea dute
atxilotuek, baina guardia zibilek berek deitu zieten senideei
atxilotuta zeuzkatela esateko. Aiert Larrarte abokatuak Euskadi Irratian hitz
egin du eta adierazi du egoerarekin "kezkatuta", baina atxilotuak "ongi,
atseden hartuta eta lasai" daudela.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.