Showing posts with label atarrabia. Show all posts
Showing posts with label atarrabia. Show all posts

2012/11/13

Hatortxu Rock jaialdia abenduaren 28an eta 29an izango da Atarrabian

Argazkian, azaroaren 9ko aurkezpenean Brigi eta Nacho (Koma), Francis (Doctor Deseo) eta Nekez taldea egon ziren.

Abenduaren 28an eta 29an egingo da Hatortxu Rock-en hamalaugarren edizioa. Euskal presoen aldeko musika jaialdia Atarrabian izango da aurten, eta ohi baino lehenago egingo da. Ostiralean, Doctor Deseo taldea arituko da karpa erraldoian jarriko duten eszenatokietako batean. Gainera, Keu Agirretxea abeslari ondarrutarraren kantuak hartuko ditu Hatortxuk, eta bi kontzertu horiek bukatutakoan, Stepi disko jartzailea arduratuko da karpa girotzeaz. Larunbatean Nekez, Zea Mays, Gatillazo, El Drogas, Tximeleta, Des-kontrol, Habeas Corpus, Bongo Botrako eta Koma igoko dira agertoki gainera. Talde bakoitzak bere kanturik ezagunenak taularatuko ditu, eta Komak ordu eta erdiko zuzenekoa eskainiko du, Hatortxu Rock jaialdia aukeratu baitute bere jarraitzaileak betirako agurtzeko.

Sarrerak salgai daude jada. Urtero legez, ohiko salmenta puntuetan eros daitezke edota Internet bidez BarraBarra web gunearen bitartez. BarraBarran aukeratu egutegian abenduaren 28 edota 29a eta jarraitu eman beharreko pausu guztiak.

2011/11/17

Hatortxu Rock jaialdia Atarrabian egingo da urtarrilean

Hamairugarren edizioa izango da Hatortxu Rockentzat. Atarrabian (Nafarroa) ospatuko da, urtarrilaren 6 eta 7an. Aurreko edizioan izan zuen harrera ikusita, bi eguneko formatuarekin jarraitzeko hautua egin dute antolatzaileek. Besteak beste, Bide Ertzean, Kerobia, Reincidentes, Soziedad Alkoholika, Leihotikan eta Ze Esatek! taldeek hartuko dute parte.

Hatortxu Rock-eko antolatzaileen ustetan, nahiz eta etorkizun itxaropentsu bat heldu zaigun Euskal Herrira, "kartzela politikaren inguruan ez dugu ezer berririk esateko". Gogoan izan nahi dituzte kartzeletan jarraitzen duten presoak, baita "mundu guztiari oroitarazi" haien senide eta lagunek inoiz baino kilometro gehiago egin behar dituztela haiekin egon ahal izateko.

Zizur Nagusitik Atarrabiara mugituko da Hatortxu, baina formatu bera mantenduko du. Ostiralean Kerobia eta Bide Ertzean taldeen kontzertuez gozatuko dute bertaratzen direnek. Larunbatean, aldiz, doinu gogorragoen txanda izango da.

Sarrerak www.hatortxurock.org atarian eros daitezke. Ostiraleko sarrerek 12 euro balio dute (15 egunean bertan), larunbatekoek 20 euro (24 bertan) eta bi egunetarako bonoak 25 euro.