2011/10/28

Egin Dezagun Bidea: "Espetxe politikarekin amaitzeko giltza euskal jendarteak du"

Arratsaldeon guztioi

Badira historian leku propioa duten gertaerak. Badira ere, historian leku propioa duten egunak eta hilabeteak. Halakoa izan da 2011 honetako urria. Donostian izandako Bake Konferentzia edo ETAren agiriak edo konponbidearen alde Bilboko kaleak bete zituen manifestazioak aurrerapausu nabarmenak izan dira Euskal Herria erresoluzio demokratiko baten bidean jartzeko.

Baina, oraindik ere, egiazko konponbide demokratiko baten bidean eman beharreko hainbat urrats. Horietariko bat euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak errespetatzea da. Euskal jendartearen gehiengo sozial eta politikoak hala eskatzen du. Beraz, espetxe politikak errepresio, erabilpen eta mendeku klabeetatik konponbide demokratiko baten klabeetara igaro behar du. Berehala egin beharreko urratsa da gainera.

Sakabanaketarekin amaitzea ezinbestekoa da. Astebururo, milaka eta milaka euskal herritarrek bataz beste 1300 kilometro egitea, horrek dakarren arrisku nabarmenarekin, ez da onargarria. 197/2006 doktrina berehala derogatu behar da. 70 euskal preso baino gehiagok espetxean jarraitzen dute nahiz eta bere garaian ezarritako kondena bete duten. Frantziar Estatuan aplikatzen den Bizi Osorako zigorrak ere ez du inolako lekurik Euskal Herrian zabaldu den agertoki berri honetan.

Preso gaixo larriak ere gure artean behar dute, aske. Euskal jendarteak Ibon Iparragirre heriotzaren hatzaparretatik ateratzea lortu du eta etorkizunean horrelako muturreko egoerak ez errepikatzeko mugarri sendoa jarri du. Orain, larri gaixo dauden beste euskal presoak etxera ekartzeko unea da.

Isolamendua, bakartze, mittard-a, bizi baldintza ankerrak edo espetxean ematen diren beste hainbat eskubide urraketarekin amaitzeko unea da. Espetxe politikak ezin du gatazka eszenatokia betikotu, eskubideak etengabe urratu eta euskal jendartearen gehiengo zabal baten nahiaren kontra egin.

Espetxe politikarekin amaitzeko giltza euskal jendarteak du. Izan ere, gure herri, auzo eta hirietan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde biltzen ditugun konpromisoak eta indarrek elkartasun olatu erraldoia sortuko dute. Beraz, dei egiten dizuegu herriz herri eta hirietan jada osatzen ari diren Herri Bilgunetan parte hartu eta inplikatzera. Oraindik ere Herri Bilguneak sortu ez diren herrietan gune hauek lehenbailen sortzera gonbidatzen zaituztegu, presoen eskubideen alde lan egiteko prest dagoen pertsona orori zabalik dauden tresnak baitira Herri Bilguneak! Denok dugu lekua bertan eta euskal presoen auzia gure herri eta hirietan lau haizetara zabalduz.

Erronka handia dugu gure eskuartean, dimentsio historikoa duen erronka. Baina ziur gaude lortuko dugula. Espetxe politikak eragindako muturrreko egoerak altxatuz aurrena eta ondoren euskal preso eta iheslari guztiak etxera bidean jarriz.

Mobilizazioa eta interpelazioa izango dira gure tresna nagusienetako batzuk. Bihar bertan, datorren urtarrilaren 7an Bilbon euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde burutuko den Herri Mobilizazio Orokorra aurkeztuko du Egin Dezagun Bideak. Azken hamarkadetan Euskal Herrian izan den mobilizaziorik handienetakoa izatea espero dugu.

Umiltasun osoz diogu, baina egoerak hala exijitzen du. Euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan behar direlako eta Euskal Herriak egiazko demokrazia eta bake eszenatoki bat desiratzen duelako.

Eskerrik asko

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.