Urriaren 15ean kartzelariek Algortako bizilagun izandako Jone Lozano gatibu leitzarra bultzatu egin zutela salatu du ohar baten bidez Lyon-Corbas espetxeko euskal preso politikoen kolektiboak. Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu beraien seme Peru elkarrekin ikusteko debekuak eragin zuen zalaparta. "Alferrikakoa izan ziren guztion ahalegin eta protestak, beraiek erabakitakoa inposatzea lortu zuten. Ondorioak larriak izan ziren, Marixol Iparragirre bultza eta lurrera bota zuten, Jone Lozano ere bultzatu zuten, eta biei eskuburdinak atzean estu lotuta ikustaldien eremutik emakumeen ataleko zigor ziegetaraino 'manu militari' eraman zituzten: airean, burua aurretik, ahozpez, eskaileretan gora eta behera, ibilbide luzean. Biek dituzte zauri eta ubeldurak, kolpeak eta gorputz osoa minbera", azaldu dute espetxe frantziarreko presoek.
Elkartasuna espetxe barruan
Horren aurrean kolektiboak erakutsitako "jarrera irmoa" goraipatu ere egin dute; baita emakumeen ataleko gainontzeko presoen aldetik jaso duten "elkartasun eta babes beroa" ere: "kolektiboaren jarrera irmoak eta sendoak lortu du beren gezurrak agerian uztea, egindako gehiegikeriaz jabetzea eta Marixol eta Jone zigor-ziegetatik atera zitzaten behartzea, jarri nahi zieten zigorra bertan behera utziz", azaldu dutenez. Gainontzeko presoei dagokienez, Lozano eta Iparragirre "zigorra erabaki behar zen tribunaletik igarotzear zeudela, emakume guztiek bazka errefusatu zuten eta ordu laurdeneko burrunbada egin zuten bien askatasuna eskatuz". "Ondoko egunetan kartzelako agintariak arazoaren tamainaz jabetu dela dirudi eta aurrerantzean Lyon-Corbaseko euskal presoon eta gure senide eta lagunen arteko ikustaldiak modu eta egoera lasai eta egokian gertatuko direla hitz eman du", amaitu dutenez.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.