Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 350 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Urteko azken ostirala izanik, urtean zehar, hilabetez hilabete, deialdia zabaldu duten eragileak batu ditu Telletxen Algortako Herri Bilguneak, besarkada berezia eskainiz gatibuen senideei. Kriseilu bana eskuan, kolektibo guzti horiek osatutako "Hator etxera" leloa, kantaz jantzi dute plazan bildutako guztiek. Bitartean, hogei solidariok urtarrilaren 7ko Bilboko manifestaziora deitzeko pankarta zabaldu eta bengalaz "argiztatu" dute preso eta iheslarien etxerako bidea.
Getxo udalerriko 21 presoen argazkiak agerian zeudela, banan-banan osatu dute "Hator etxera" leloa, urtean zehar gatibuen eskubideen alde lan egitera konprometitu diren herriko eragileak: Koska irratiak, txalapartariek, Ukberri.net agerkari digitaleko kideek, euskalgintzako langileek, dantzariek, Itsasoruntz ekimenak, gazte auziperatuek, San Nikolas ikastolako langileek, musikariek, herriko gazteek eta presoen senideek irudien atzean hartu dute tokia, kriseilu bana eskuan. Izan ere, preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzea zen urteko azken ostiraleko elkarretaratzearen ardatz nagusietako bat. Urtarrilaren 7ko manifestaziorako deia, berriz, bideo bidez hainbat algortarren atxikimendua adieraziz eta Algortako bizilagun izandako Jone Lozanoren amak idatzitako gutuna irakurriz zabaldu dugu.
Hurrengo deialdiak
Larunbaterako bi hitzordu izango dira Algortan: goizez, Txus Martin preso basauritarraren aldeko martxarekin bat egiteko autobusa abiatuko da goizeko 9etan Faduratik. Uribe Kosta mailako garraioa Zaballako espetxera joango da. Bertan, 10:30ean jarri dute hitzordua. Ohiko lekuetan izena eman daiteke. Eta arratsaldean Gabon Zaharreko poteoa 18:30ean Amnistia tabernatik abiatuta.
Guztion elkartasun eta elkarlanaren bidez, Egin Dezagun Bidea.
Gazte 1 gehiago ez!
Preso gaixoak etxera!
3/4ak bete dituzten presoak kalera!
Biziarteko espetxe zigorrik ez!
Euskal preso eta iheslariak etxera!
Isolamendu eta bakartzearekin amaitu!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.