2012/01/19

Aitor Elortza oroitzeko biharko ekitaldia debekatzea eskatu dute

Iturria: ukberri.net
Argazkian, Aitor Elortzari iaz egindako omenaldia / cc-by Ukberri.net.

Bihar Algortan Aitor Elortza Unanue zenari hil eta sei urtera egitekoa den oroit ekitaldia debeka dezan eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak. Efe albiste-agentzia espainolak zabaldu duenaren arabera, Elortza "ETA talde terroristako ustezko kolaboratzailea" zelakoan eskatu du DyJ-k omenaldia galaraztea. Bere aburuz, ekitaldia Algortako "herriko taberna batean" egitekoa da. Ultraeskuindarren ustez, ekitaldia burutuz gero "terrorismoaren goratze delituan erori litzateke". Hori dela eta, Auzitegi Nazionaleko Zaintza epaileari ekitaldia oztopatzeko Guardia Zibila eta Ertzaintza erabil ditzan eskatu dio. Era berean, Daniel Porterok zuzentzen duen elkarteak urtarrilaren 13an Algortako herriko tabernan Jon Rosales preso ohiari egin zioten harrera ikertzea eskatu du.

Aitor Elortza Unanue Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen eta erbestealdi luze baten ondorioz hil zen Baionan. Elortzak Ipar Euskal Herritik Mexikora ihes egin zuen 80eko hamarkada hasieran. Ondoren, Ipar Euskal Herrira bueltatu zen berriro eta 1991ko maiatzean atxilotu eta Fresnesen (Paris) espetxeratu zuten 1992ko arte; 1993an epaitu ondoren, absoluzioa jaso zuelarik. 1994an berriz atxilotu zuten eta Metz-era bidali zuten. Bertan, zaintzapean ostatu batean bizitzera behartu zuten. Aste batzuk beranduago, konfinamendua apurtu eta Euskal Herrira bueltatu zen. Azkenik, gaixorik, hilik aurkitu zuten bere etxean 2006ko urtarrilaren 16an. Dignidad y Justiciarentzat, berriz, 1991ean Elortza ETAren Bartzelona komandoarekin lotura zuelakoan atxilotua izan eta 1993an horretaz absolbitu izana nahikoa izan da "ETA talde terroristako ustezko kolaboratzailetzat" jotzeko eta bere oroimenezko ekitaldiaren debekua eskatzeko.

Rosalesi egindako harrera

Bestalde, Jon Rosales gazte algortarrari egindako harrera iker dezaten eskatzeko honakoei erreparatu die DyJ-k: ekitaldian Jon Rosalesen argazki bat kendu izana, nahiz eta Rosales absolbituta gelditu den, eta "ETAko beste kide batzuen" argazkiak lokalean izatea. Daniel Porteroren ustez argazki horiek erakusteak "terrorismoaren goratze delitua dakar". Horregatik, "herriko tabernaren" gerentzia edota zuzendaritza ikertzea eskatu du, aipatu delituaren erantzuleak izan daitezkeelakoan.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.