Mattin Troitiño (Etxerat elkarteko kidea):Pasa den urtarrilaren 7an 110.000 herritar presoen eskubideen alde kalera atera arren, Espainiar eta Frantziar Estatuek eta Espetxeetako Zuzendaritzek ez dute herriaren hitza entzun nahi izan, eta presoen eskubideak behin eta berriz urratu dituzte. Urtea hasi genuenetik hainbat gertakari larri gertatu dira euskal presoak dauden espetxeetan, baina gaia ez da berria; euskal presoek behin eta berriz jasaten duten errepresioaren erakusle argia baita.
Aipatutako gertakari larri horien adibide da Itziar Moreno eta Oihana Garmendia presoek Dijoneko espetxera eraman zituztenetik bizi duten infernua. Bisitekin arazo asko izaten ari dira. Sarri bisitarik gabe gelditu izan dira. Bisita bikoitzak ukatu egiten dizkiete. Lehen bisita bikoitzak hilabetean behin izatea adostu zuten arren, azken aldian bisita bikoitz hauek ere ukatzen dizkiete. Bisitekin izan dituzten arazo hauen aurrean egindako protestei eta plantoei, berriz, gogorki erantzun diete espetxe-zaindariek. Egoera benetan larria da, izan ere, Itziar Morenok 8 hilabetetan 7 mittardaldi izan ditu eta hilabete eta erdi egin du zigor ziegan. Oihana Garmendiak 7 hilabetetan 4 mittardaldi eta konfinamenduko aste bat izan du. Aste honetan bertan Oihana Garmendia mittardean dago igandera arte. Gainera, mittardera bidaltzeko ere gero eta aitzakia zentzugabeagoak erabiltzen dituzte. Espetxe-zaindarien probokazioak ere etengabekoak izaten ari dira. Eta zuzendaritzarekin elkartu nahian badabiltza ere, zuzendariak oraindik ez ditu hartu. Egoera honetan, egunerokotasun normalizatu bat izatea ezinezkoa da.
Arazo hauek direla eta, Itziar Moreno eta Oihana Garmendia borrokaldian daude. Urtarrilaren 6an, zazpi egun iraun duen gose greba bat hasi zuten. Gose greba amaitzea erabaki zuten, epaileak abokatuarekin hitz egin ondoren, eta lekua aurkitutakoan espetxez aldatuko dituztela ziurtatu eta gero. Hala ere, borrokaldiarekin jarraitzen dute, itxialdiak, etab. eginez. Honela, isolamenduarekin eta bakartzearekin amaitu nahi dute, eta epaileak abokatuari ziurtatu bezala beraientzat infernu bat bilakatu den Dijoneko espetxetik mugitzea espero dute. Itziar Moreno eta Oihana Garmendiak bizi duten egoera benetan larria den arren, beste espetxe askotan ere arazoa errepikatzen da.
Pottiers espetxean ere, esate baterako, bidegabeko egoera batean bizi dira. Etengabe zigorrak eta mittardaldiak jasaten dituzte. Horregatik Eneko Zarrabeitia eta Gorka Azpitarte preso politikoak, euren eskubideen alde gose greba bat hasi zuten urtarrilaren 13an, hiru egunez ezer jan gabe egon direlarik. Gose greban zeuden bitartean, Maite Aranalde eta Saioa Sanchez, espetxe berdineko kideek, plantoak burutu zituzten protesta gisa. Eneko Zarrabeitia bisita batean Maite Aranalde, kidearen gurasoak besarkatzera joan izanagatik zigortu zuten. Bi hilabeteetan zehar bisitak kristalarekin egin beharko ditu. Gorka Azpitarte, berriz, patiotik patiora beste presoekin hitz egiteagatik, patio horretara jaitsi gabe 30 egunetarako zigortu zuten, eta beste patio batetara atera beharko du epealdi horretan.
Espetxe politikaren eraso gogorraren beste adibide bat Villepinte espetxean aurki daiteke. Bertan dauden euskal presoek eta beraien senide eta lagunek espetxe-zaindari batekin hainbat arazo izan dituzte. Espetxe-zaindari honekin izandako arazoen ondorioz bisitarik gabe geratu izan dira, eta mittardera ere behin baino gehiagotan eraman dituzte. Ibon Goieaskoetxea, Borja Gutierrez eta Joseba Fernandez gertakari horietako baten ondorioz, Urte Zahar gauetik urtarrilaren 2ra arte mittardean egon ziren.
Ikus daitekeen bezala, presoek ez dituzte egoera xamurrak bizitzen espetxeetan, baina egoera hauek are gogorragoak dira gaixorik dauden presoentzat. Gaur egun Txus Martin da euskal presoen artean gaixorik larriena. Espetxeak abokatuei txosten bat eman berri diote, bertan gaixoak hobera egin duela dioen arren, medikazioa bikoiztu diotela ere jartzen dute. Senideak ez daude ados honekin, bere egoerak okerrera egin duela uste baitute. Gainera, azken hiru hilabeteetan lau espetxetatik igaro da, eta horrek ez dio batere mesederik egiten bere gaixotasunari. Eta honi oraindik konfiantzazko medikuen bisitarik ez jaso izana gehitu behar zaio. Gora behera guzti hauek eragin zuzena dute gaixorik dauden presoengan.
Beraz, ikus daiteke mittardaldiak, zigor zeldak, bisitak ukatzea... behin eta berriz errepikatzen direla. Espetxe politikak bere horretan dirau, eta horregatik, gure senideek eta lagunek hainbat borrokaldi burutu behar izaten dituzte beraien eskubideak aldarrikatzeko eta bermatzeko.
Honegatik guztiagatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borrokaldia burutu zuen hilaren 9tik 13ra bitarte. Egun horietan zehar itxialdiak burutu zituzten, barauak egin zituzten, espetxeetan informazioa banatu zuten... Borrokaldi honen bitartez, euren Euskal Herriratzea aldarrikatu nahi izan zuten, azken 22 urteetan eman den sakabanaketarekin amaituz, eta aldi berean, espetxeetan bizi dituzten muturreko egoerekin amaitzea eskatu zuten. Honela, zigorraren 3/4 beteta duten presoen, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenen, eta Parot doktrina aplikatuta dutenen egoera konpontzea ere eskatu zuten.
Espetxeetan behin eta berriz ematen diren gertakari larri hauek salatu behar dira, eta gure senide eta lagunek herriaren babesa sentitu behar dute. Horretarako, herritar guztiak mobilizatzea ezinbestekoa da, eta horregatik urtarrilaren 27an, Egin Dezagun Bidean ekimenak herri eta auzoetan antolatutako azken ostiraleko ekimenetan parte hartzeko dei egin nahi dugu. Herri eta auzoetan antolatzen diren bilguneetan parte hartzea ezinbestekoa da. Presoek gure babesa sentitu behar dute, eta Estatuek gure nahia entzun behar dute. Eta hori honela izango da, Euskal Presoak Euskal Herriratzen dituzten arte.
Etxerat
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.