Showing posts with label espetxeak. Show all posts
Showing posts with label espetxeak. Show all posts

2012/08/28

Iosu Uribetxebarriari babesa emateko borrokaldiak martxan jarraitzen dute

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen aferarekin jarraituz, Iosu Uribetxebarria ere hiltzen ari den arren preso jarraitzen du, eta Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden euskal preso politikoek euren babesa ematen jarraitzen dute, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Iosu Uribetxebarria gose greban sartu zenetik, borroka ezberdinak jarri dituzte martxan euskal preso politikoek; hauetako gehienak gose greban sartu zirelarik.

Espetxeetako borrokak forma ezberdinak izan dituzte, ekimen ezberdinak burutu direlarik: barauak, espetxeko janariari uko egitea, itxialdiak, elkarretaratzeak... Baina, euskal preso politiko gehienek gose grebak egin dituzte, eta egiten jarraitzen dute. 58 espetxetik gora izan ziren gose greban sartu ziren espetxeak. 

Egunak aurrera joan diren heinean zenbait presok gose grebak bukatutzat eman behar izan dituzte arazo fisikoen ondorioz: konortea galtzea, bilirrubinarekin arazoak, giltzurrunetako arazoak, glukosarekin arazoak... 

2012/08/25

Frantziar eta espainiar espetxeetatik jasotako azken informazioa: borrokaldiak

Iosu Uribetxebarriaren egoera larria dela eta, espetxeetan hainbat ekimen burutzen ari dira egunotan, Etxerat elkarteak zabaldu duenez. Espetxe batzuetan gose grebak utzi eta bestelako ekimenak burutzen ari dira. Horien artean, itxialdiak, txandakako baraualdiak, gutun bidalketak, afariari edo espetxeko janariari uko, kontaketetan salaketa txartelak erabili, elkarretaratzeak, telefono deiei uko, etab. 

2012/08/13

420 euskal preso politiko baino gehiagoren ekimenak Iosuren askatasuna eskatzeko

420 preso politiko inguru ekimen ezberdinak burutzen ari dira azken orduetan, gaixotasun larria eta sendaezina duen Iosu Uribetxebarria eta eri dauden gainontzeko 13 euskal preso politikoen egoera salatu eta bere berehalako askatasuna eskatzeko. Algortako preso politikoen gehiengoak gose greba mugagabeari ekin dio, Uribetxebarriaren egoera salatu eta bere berehalako askatasuna exijitzeko. Bestelako protestak burutzen ari dira baita; itxialdiak ziegetan, espetxeko janariari uko, elkarretaratzeak, gutun bidalketa Ministeriora, baraualdi txandakatuak, etab.

2012/01/19

Etxerat Elkarteak zenbait espetxetan eman diren gertakari larriak salatu ditu

Mattin Troitiño (Etxerat elkarteko kidea):

Pasa den urtarrilaren 7an 110.000 herritar presoen eskubideen alde kalera atera arren, Espainiar eta Frantziar Estatuek eta Espetxeetako Zuzendaritzek ez dute herriaren hitza entzun nahi izan, eta presoen eskubideak behin eta berriz urratu dituzte. Urtea hasi genuenetik hainbat gertakari larri gertatu dira euskal presoak dauden espetxeetan, baina gaia ez da berria; euskal presoek behin eta berriz jasaten duten errepresioaren erakusle argia baita.

Aipatutako gertakari larri horien adibide da Itziar Moreno eta Oihana Garmendia presoek Dijoneko espetxera eraman zituztenetik bizi duten infernua. Bisitekin arazo asko izaten ari dira. Sarri bisitarik gabe gelditu izan dira. Bisita bikoitzak ukatu egiten dizkiete. Lehen bisita bikoitzak hilabetean behin izatea adostu zuten arren, azken aldian bisita bikoitz hauek ere ukatzen dizkiete. Bisitekin izan dituzten arazo hauen aurrean egindako protestei eta plantoei, berriz, gogorki erantzun diete espetxe-zaindariek. Egoera benetan larria da, izan ere, Itziar Morenok 8 hilabetetan 7 mittardaldi izan ditu eta hilabete eta erdi egin du zigor ziegan. Oihana Garmendiak 7 hilabetetan 4 mittardaldi eta konfinamenduko aste bat izan du. Aste honetan bertan Oihana Garmendia mittardean dago igandera arte. Gainera, mittardera bidaltzeko ere gero eta aitzakia zentzugabeagoak erabiltzen dituzte. Espetxe-zaindarien probokazioak ere etengabekoak izaten ari dira. Eta zuzendaritzarekin elkartu nahian badabiltza ere, zuzendariak oraindik ez ditu hartu. Egoera honetan, egunerokotasun normalizatu bat izatea ezinezkoa da.