Argazkian, atzo eman zuten prentsaurrekoa / © Etxerat
2012aren hasierarekin batera, balantzea egiteko unea da. Etxerat Elkarteak egun indarrean dagoen espetxe politikak uzten dituen datuak eta ondorioak jendarteratu eta salatuko ditu gaur. Eta lehen baieztapena argia da: Indarrean dagoen espetxe politikak, euskal preso poltikoei salbuezpenez ezartzen zaiena, oraindik ere errepresio, erabilpen eta mendeku klabeetan jarraitzen du.
Sakabanaketak bere horretan segitzen du eta egun dauden 665 euskal preso politikoak 7 Estatu ezberdinetako 71 espetxetan dispertsatuta daude. Horietako zortzi bakarrik daude Euskal Herrian. Egoera honek kalte fisiko, psikologiko eta ekonomiko handiak dakartza. Horren eredu dira aurten euskal presoen senide eta lagunok pairatu ditugun 13 istripuak. Eta, azken 22 urtean, 400 dira pairatu ditugun auto ezbeharrak. Horien ondorioz, 16 senide eta lagun hil dira.
Bidaien joan etorriak eta espetxe politikak eragiten dituen gastuak altuak dira, hilero familia bakoitzak 1500 eta 2000 euro arteko gastuari aurre egin behar dio. Odoluste ekonomiko nabarmena da hainbat familiarentzat, are gehiago krisi garai latz hauetan.
Bizi Osorako Zigorraren aplikazioa 197/2006 doktrinaren bitartez ematen da. Espetxeratuta jarraitzen duten 58 euskal preso politikori jada ezarri dioten neurri anker eta bidegabea da. Zuzenbidearen gakoetatik aldenduta eta mendeku, errepresio eta erabilpen terminoetan eraikia dago 197/2006 doktrina. Euretako 49 kondena osoa beteta duten jada. Eskandalu hutsa da, bai plano juridikoan, bai giza eskubideen errespetuari dagokionez eta baita ere euskal jendartearen nahiaren kontra bete-betean egiten duelako.Orotara 70 baino gehiago dira 197/2006 doktrinaren aplikazioa pairatu behar izan duten pertsonak. 15 kalean dira jada, kondenaren luzapena bete ondoren, baina arestian aipatu gisara 58k oraindik espetxeatuta jarraitzen dute. Horrekin batera, baldintzapeko askatasunaren ukapena etengabea da. Horrela, zigorraren 2/3ak edo 3/4ak bete dituzten 175 preso daude espainiar eta frantziar Estatuetako espetxetan. Kalean behar luketen presoak.
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak espetxeratuta mantentzen dituzte, Txus Martinen egoera horren isla nabarmena izanik. Ibon Iparragirreren egoera kritikoa izan arte etzioten espetxeratze arindua ezarri. Txus Martinen kasu ezagunaz gain, 8 dira gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal preso politikoak. Espetxe gaixotasun eta gure senide eta lagunek jasotzen duten osasun asistentzia ez da batere egokia.
Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten preso guztiak kalean eta aske egon beharko lukete. Euren osasun egoerak hala exijitzen du. Izan ere, espetxean edo kontrol neurri zorrotzekin euren gaitzak sendatu ahal izateko behar duten osasun asistentzia egokia jasotzea ezinezkoa baita.
Guantanamon, Abu Graibhen edo Israeleko kartzeletan aplikatzen den isolamendu eta bakartze egoerak ez dira arrotzak euskal preso politikoentzat. Neurri erabat inhumanoa da, pertsonak erabat deuseztatzeko sortuak. Egun, 12 dira erabat bakarturik dauden presoak. Horrekin batera, isolamenduko moduloan dauden euskal preso politikoen portzentaia oso altua da.
Tamalez, kartzelak betetzen jarraitzen dituztela frogatu dugu. Izan ere, azken hilabeteotan sei presok espetxea utzi duten arren, beste bost pertsona espetxeratu dituzte. Ezin dugu ahaztu, une honetan Ekaitz Samaniego eta Aurore Martin atxilotuak eta kartzeleratuak izateko arrisku nabarmenean daudela.
Euskal Herrian garai berria zabaldu da, kartzelak hustutzeko aroa abian da. Euskal jendarteak bultzada eta arnasa eskaini nahi dio fase berri honi eta jakin badaki horretarako ezinbestekoa dela espetxe politika konponbide demokratiko baten klabeetara igarotzea. Hau da, egungo terminoetatik erabat aldentzea eta berehalako aldaketa sakona ematea. Egungo espetxe politikak gatazka elikatu, eskubideak urratu eta euskal jendartearen gehiengoaren nahiaren kontra egiten du baitu.
Espetxe politikak, presoak ez ezik euren ingurune afektibo eta sozial osoa kolpatzen du. Milaka eta milaka euskal herritarrek sufritzen ditugu espetxe politikaren ondorioak. Sakabanaketak suposatzen duen errusiar erruleta ankerra, edozein errepidetan gure bizitzak arriskatuz, desgaste fisiko eta psikologikoa eraginez, miaketak, odoluste ekonomiko itzelarakin, umiliazio saiakerekin...
Egia da aldaketa positibo batzuk eman direla azken asteetan, bai praktikari dagokionez, erreagrupazioen bitartez bai plano diskurtsiboan. Izan ere, gero eta gehoago dira espetxe politikaren eskatzen duten alderdi, eragile, instituzio eta norbanakoak. Eskakizun demokratikoa, legezkoa eta ezinbestekoa da hau.
Baina, zoritxarrez, espetxe politikaren aurpegirik eta neurririk krudelenak, muturrekoak bere horretan jarraitzen dute: Bizi Osorako Zigorraren de faktozko aplikazioa, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez askatzea, isolamendua, bakartzea edo sakabanaketa.
2012an espetxe politikak erabateko aldaketa izatea exijitzen dugu, jakinik euskal jendartearen gehiago handi baten bultzada dugula atzean. Eskerrak eman nahi dizkiogu euskal jendarteari azken hilabeteetan erakutsitako babes erraldoiagatik, elkartasun keinuak nabarmen igo dira eta jakin badakigu euskal jendartea gurekin dagoela, gure alboan sentitzen dugu.
Egoera berriak itxaropena piztu digu, guk aro berri honi bultzada eman diogu gure egunerokotasunean eta Gernikako Akordioaren baitan egindako lanarekin. Tuneletik atera eta konponbideari ateak parez pare zabaldu behar dizkiogu. Baina, tamalez, bai gure senide eta lagunek, bai guk pairatu behar ditugun eskubide urraketak egoera zaharrari erabat atxikiak daude.
Konponbidearen eta eskubide guztien errespetua ardatz izango duen aroa zabaldu, egonkortu eta finkatu behar dugu, guztion artean eta guztion ekarpenarekin. Aro berri hau betiko zabaldu ahal izateko, espetxe politikaren aldaketak erabat urgentea da. Euskal jendartearen gehiengo zabal ebatek hala eskatzen du. Bai Madrilgo bai Pariseko gobernuek nahi eta eskakizun erraldoi honi erantzun baikorra eman beharko diote. Aldaketak ezinbestekoak dira, egungo egoera bere horretan mantentzeak ez du inolako zentzurik, euskal jendartearen borondatearen kontra jotzen du, eskubideak urratzen ditu eta kaltegarria da denontzat.
Horrekin batera, gogoratzen dugu datorren urtarrilaren 7an Egin Dezagun Bideak deitutako Herri Mobilizazio Orokorrean izango garela. Kolosala izango den mobilizazioan, azken urteetako handiena eta euskal jendartearen nahia irudikatuko duena.
Etxerat
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.