Argazkia: © Etxerat
Hona hemen Mattin Troitiñok, Etxerat elkarteko bozeramaileak, bilkuraren aurretik egindako adierazpenak:
Etxerat Elkarteko ordezkaritza bat hona etorri gara Iñigo Lamarca Arartekoarekin bildu, eta gure senide eta lagunen egoeraren berri emateko. Lehenik eta behin azaroan egin genuen bilkuran Etxerat Elkarteak egindako eskakizunei erantzun ote dien eta hartutako konpromisoen nondik-norakoak jakin nahi ditugu.
Arartekoarekin egin genuen azaroko bilkuratik hona egoerak okerrera egin du. Orduan, 9 ziren gaixotasun larri eta sendaezinak zituzten presoak, baina orain zerrenda hori areagotu egin dira, 15 direlarik gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak. 15 preso hauek aske beharko lukete, eta bereziki larria da Txus Martin presoaren egoera. Bestetik, bizi osorako espetxe zigorra aplikatzen jarraitzen dute, eta 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoen kopuruak ere gora egin du, hortaz, 197/2006 doktrina aplikatzen jarraitzen dute. Orokorrean estatu espainiarrak eta frantziarrak espetxe politika berarekin jarraitzen dute. Gure senide eta lagunek bizi duten salbuespeneko espetxe politika honi buruzko txosten sendo bat ere emango diogu, egoeraren berri izan dezan.
Honegatik guztiagatik, Iñigo Lamarca Arartekoari, Gobernu zentraleko Arartekoari, Maria Luisa Cavari, eta espainiar gobernuko Espetxe Zuzendaritzari gure senide eta lagunek eta guk geuk bizi dugun egoeraren berri eman, eta eskakizun zehatzak helaraztea eskatuko diogu. Presoen oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen beharrezkoak diren baliabideak martxan jarri ditzaten.
Era berean, ostiral honetan, hilaren 30ean Nafarroako Arartekoarekin, Francisco Javier Eneriz Olaechearekin, bilduko gara; berari ere egoeraren berri emateaz gain, konpromisoak hartzeko eskatuko diogu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoarekin eta Nafarroako Arartekoarekin biltzeaz gain, Etxerat Elkartea Nafarroako Parlamentuan izan zen pasa den astean euskal preso politikoen egoeraren berri ematen; honela, gure helburua instituzioak interpelatzea da, neurri batean beraien esku baitago gure senide eta lagunek bizi dituzten salbuespeneko egoera horiekin amaitzea. Honela, berehala euskal preso politikoen eskubideak errespetatzen hastea eta zigorraren 2/3 eta 3/4ak beteta dituzten presoak, 197/2006 doktrina aplikatuta dutenak eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak askatzea exijitzen diegu.
Bestalde, larunbatean, hilaren 31an Herrira mugimenduak deituta gaixotasun larriak eta sendaezinak aske uztea eskatuz egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin nahi dugu. Denon babesa ezinbestekoa da, euren eskubideak errespetatu eta kalean egon daitezen.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.