2012/03/30

Herrira: "Konponbide prozesuaren aurka doa Konstituzionalak kartzela zigorra luzatzearen alde egin izana"

Lehenik eta behin, Luxiano Izagirre, gaur Kuban zendu den euskal iheslari politikoa gogoratu nahi dugu. Haren familiari gure elkartasuna eta samina helarazi nahi diogu. Luziano erbestean hil da eritasun baten ondorioz. Urteak eta urteak herritik kanpo eman behar izan ditu, gatazkaren ondorioz.

Gatazkaren ondorioak luzatzen dihardute bi gobernuak, konponbidean urratsik eman gabe. Izan ere, Luzianoren heriotza ezagutu aurretik, Auzitegi Konstituzionalak euskal preso politikoen aurka bizi arteko zigorra ezartzeko doktrinari zigilu legala eman diola jakin dugu. Oraindik sententzia argitara eman gabe, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki honek, Espainiako gobernuak bakerako aukerei eman dion portazoa dela salatu behar dugu lehen-lehenik. Izan ere, azken hilabeteetan euskal jendarteak gehiengo ezin nabarmenagoz gobernuei urratsak eskatzen dihardu, eta horien artean, euskal preso politikoen aurkako muturreko eskubide urraketak gainditzea premia larria da.

Azken asteetan gobernuen inmobilismoa salatu behar izan dugu, ez baitu inolako urratsik eman euskal presoen eskubideak errespetatzen hasteko. Gaurkoan ordea, bakea eta konponbidearen aurkako norabidean emandako urratsa da salatu behar duguna. Horregatik diogu, euskal gizartea bakea eta konponbidea eraikitzeko jorratzen ari den bidearen aurkako portazoa dela honako erabakia. Horrez gain, giza eskubideen aurkako erabakia da eta ez da demokratikoa.

Preso politikoen oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, ezarritako kondena bete ostean, haren luzapena baitakar, askatasun eskubidea urratuz. Gainera, 20 urte baino gehiago espetxean emateak, ondorio fisiko eta psikiko atzera ezinak dakartza.

Hau guztia kontuan hartuz, euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko bidea sendotzea da gure erronka. Gatazkaren arrazoiak gainditzea ez ezik, hark sorturiko ondorioak konpontzea funtsezkoa da bake eszenatoki bat eraikitzeko. Horregatik oso inportantea da bizi arteko zigorra legeztatzeko erabaki hau indar handiz errefusatzea, berau indargabetzeko, bizi arteko zigorra inor gehiagori ez aplikatzeko, eta kondena betea duten presoen askatasuna lortzeko. Horregatik deialdi berezia luzatzen dugu gaur, bihar denok Iruñean izango den manifestazioan parte hartzeko. Gobernuaren atzera urratsa salatzeko, eta aurrera bidea sendotzeko.

Bihar Iruñean 17:30ean hasiko da manifestazioa Golem zinemetatik. Bertan elkarrekin egongo garelakoan, mila esker.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.