Daniel Porterok zuzentzen duen Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak jarritako salaketaren ondorioz, gaurko, Algortako Telletxe plazan deituta zeuden bi ekitaldiak debekatu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Herrirak deitutako elkarretaratzearen erdian agertu dira Ertzaintzaren furgoneta bat eta Brigada Higikorreko beste bi, bertan bildutako 300 bat lagun zur eta lur utziz. Plaza inguruan zabaldu dira, armak eskuan, poliziak. Dirudienez, Xabier Galdeanori egin behar zitzaion omenaldiagatik izan da salaketa, GALek orain 27 urte eraildako "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetariaren alabetako bati adierazi diotenez. Epailearen autoa, ordea, ez dute erakutsi. Preso eta iheslarien aldeko hileko azken ostiraleko kontzentrazioa legala zela aitortu omen du ertzain buruak. Hala ere, komisariatik esan dute Auzitegi Nazionalaren agindua "argia" zela: "20:00etatik aurrera Telletxen egin beharreko guztia debekatuta" zegoela.
Algortako Herrira bilguneko kideok zein Galdeanoren alabak ordu laurden luzez ertzain buruarekin hitz egiten egon ostean, bi ekitaldiok bertan behera utzi behar izan ditugu; bildutakoen amorru aldarrien artean. Jendeari horixe bera iragarri behar genionean, "presaka ibiltzeko" esan digu Brigada Higikorreko kideetako batek. Behin guztia bukatuta, autoa eskatu eta salaketa jartzera joan dira Neguriko ertzain-etxera Galdeanoren senitartekoak.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.