Showing posts with label ertzaintza. Show all posts
Showing posts with label ertzaintza. Show all posts

2012/08/13

Iosu Uribetxebarriak sei kilo galdu ditu eta Ertzaintzaren jokaera salatu du


Bere anaiak igandean salatu zuenez, oso jarrera txarra erakutsi dute azkeneko gauean presoa zaintzen duten 3 poliziek. Mehatxuak, irainak... Familiak salaketa bat jarri du epaitegian.

Bideoa ikusi

2012/03/30

Auzitegi Nazionalak aginduta, azken ostirala eta Galdeanoren omenaldia galarazi ditu Ertzaintzak

Daniel Porterok zuzentzen duen Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak jarritako salaketaren ondorioz, gaurko, Algortako Telletxe plazan deituta zeuden bi ekitaldiak debekatu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Herrirak deitutako elkarretaratzearen erdian agertu dira Ertzaintzaren furgoneta bat eta Brigada Higikorreko beste bi, bertan bildutako 300 bat lagun zur eta lur utziz. Plaza inguruan zabaldu dira, armak eskuan, poliziak. Dirudienez, Xabier Galdeanori egin behar zitzaion omenaldiagatik izan da salaketa, GALek orain 27 urte eraildako "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetariaren alabetako bati adierazi diotenez. Epailearen autoa, ordea, ez dute erakutsi. Preso eta iheslarien aldeko hileko azken ostiraleko kontzentrazioa legala zela aitortu omen du ertzain buruak. Hala ere, komisariatik esan dute Auzitegi Nazionalaren agindua "argia" zela: "20:00etatik aurrera Telletxen egin beharreko guztia debekatuta" zegoela.

Algortako Herrira bilguneko kideok zein Galdeanoren alabak ordu laurden luzez ertzain buruarekin hitz egiten egon ostean, bi ekitaldiok bertan behera utzi behar izan ditugu; bildutakoen amorru aldarrien artean. Jendeari horixe bera iragarri behar genionean, "presaka ibiltzeko" esan digu Brigada Higikorreko kideetako batek. Behin guztia bukatuta, autoa eskatu eta salaketa jartzera joan dira Neguriko ertzain-etxera Galdeanoren senitartekoak.

2012/03/21

Kitxuren lagun eta auzokideei eraso die Ertzaintzak

Argazkia: cc-by ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoa etxean izan da arratsaldean, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko. Ertzainek ezkutuan eta bilurrak jarrita eraman dute etxebizitzara 16:30ak pasatuta. Baina, 19:15ak aldera etxaldeko garajeetatik sekretupean ateratzen saiatu direnean, 60 lagun eta auzotar baino gehiago hurbildu zaie, Kitxuri maitasuna, elkartasuna eta animo oihuak helaraziz. Orduan, jendearen aurka egin dute poliziek, borrak eta bultzakadak erabiliz. Presoa eraman ostean, berriro ere atzera egin dute Brigada Higikorreko hainbat ertzainek, bildutako jendea sakabanatzeko. 

2012/02/16

Etxeraten kontzentraziotik presoen argazki guztiak eraman ditu Ertzaintzak

Argazkian, 2011ko urriaren 4an ere etorri zitzaizkien, hiru senide identifikatuz eta bi pala eramanez / cc-pd Etengabe.

Etxerat elkartearen eguneroko kontzentrazioa hasi eta hamar minutu ingurura iritsi da Ertzaintzaren furgoneta bat Algortako Etorbidea eta Telletxe kalearen arteko bidegurutzera. Ibilgailua bazter batean aparkatu eta barandan jarri ohi dituzten herriko preso politikoen argazkien palen aurrean jarri dira agenteak, trafikoa eta guzti oztopatuz. Beraien jokabideagatik galdetuta, "bateratzea egiteko bai, baina irudiak erakusteko baimenik ez" zeukatela esan die ertzain-buruak; "preso bakoitzari dagokion seniderik ez egotekotan behintzat". Hori horrela, argazkien pala guztiak atera eta eraman egin dituzte poliziek. Dirudienez, ez dute gizon-emakumerik identifikatu.

2012/01/24

Ertzaintzaren jazarpena Algortan eta Itzubaltzetan

Argazkian, aurreko egunekoa salatzeko, larunbatean Algortan agertutako pankarta / cc-by Ukberri.net.

Dozenaka ertzain bidali zituen ostiralean Algortara Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak, Aitor Elortza Unanue iheslari politikoa zenari duela sei urtetik egiten zitzaion omenaldia galarazi eta Amnistia tabernatik herriko presoen argazkiak bahitzeko (bertan ez zegoen irudirik). Arratsaldetik ibili ziren gora eta behera, gutxienez, zazpi furgoneta (Brigada Higikorrekoak tartean), kamuflatutako beste bat eta hainbat patruila auto. Baina ez ziren bakarrik horretara mugatu: Telletxe plazan ostiral guztietan egiten den presoen aldeko elkarretaratzea ere galarazi egin zuten, Elortzaren aldeko omenaldia debekatuta zegoelako aitzakiarekin. Kontzentrazio horrek baimena zeukala onartu zuten, eta debekua justifikatzeko esan zuten baimena eskatu zuen pertsonari telefonoz deitu ziotela, baina ez zuela telefonoa hartu. Pertsona horren telefonoak, ordea, ez zuen Ertzaintzaren deirik erregistratu.