2012/01/24

Ertzaintzaren jazarpena Algortan eta Itzubaltzetan

Argazkian, aurreko egunekoa salatzeko, larunbatean Algortan agertutako pankarta / cc-by Ukberri.net.

Dozenaka ertzain bidali zituen ostiralean Algortara Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak, Aitor Elortza Unanue iheslari politikoa zenari duela sei urtetik egiten zitzaion omenaldia galarazi eta Amnistia tabernatik herriko presoen argazkiak bahitzeko (bertan ez zegoen irudirik). Arratsaldetik ibili ziren gora eta behera, gutxienez, zazpi furgoneta (Brigada Higikorrekoak tartean), kamuflatutako beste bat eta hainbat patruila auto. Baina ez ziren bakarrik horretara mugatu: Telletxe plazan ostiral guztietan egiten den presoen aldeko elkarretaratzea ere galarazi egin zuten, Elortzaren aldeko omenaldia debekatuta zegoelako aitzakiarekin. Kontzentrazio horrek baimena zeukala onartu zuten, eta debekua justifikatzeko esan zuten baimena eskatu zuen pertsonari telefonoz deitu ziotela, baina ez zuela telefonoa hartu. Pertsona horren telefonoak, ordea, ez zuen Ertzaintzaren deirik erregistratu.

Aurretik, Amnistia tabernan sartu ziren kaleko arropaz jantzitako ertzain kaputxatuak, atean beste polizia kaputxatu gelditu zirela armekin, inor bertara sartzea galarazten. Taberna barruan Aitor Elortzaren omenaldia galerazita zegoela komunikazioa eman zieten tabernan zirenei. Tabernariek esan zieten tabernak ez zuela loturarik ekitaldi horrekin, paperean ere ez zen taberna aipatzen eta ez zuten komunikazioa hartu nahi izan. Horrez gainera, tabernan lanean zirenak identifikatu zituzten -bestela atxilotuak eramango zituztela mehatxatu zieten- eta presoen argazkiak ziren ikustera joan zirela esan zuten.

Tirabirak

Bestalde, hainbat tirabira gertatu ziren eta horien artean polizia batek furgonetaren barrutik txistua bota zion pertsona bati aurpegian. Beste batek adineko emakume bati "Vete a casa, vieja" esan zion, eta Ertzaintzaren buruak, guztia entzun zuenez, "Contrólese, agente" esanda errieta itxura besterik ez zuen egin. 

Itzubaltzetan ere argazkien bila

Ertzaintzako zortzi polizia sartu ziren ostiral iluntzeko 8ak aldera Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak kudeatzen den herriko tabernan. Poliziek Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta presoaren argazkia zuen kartel bat eraman zuten bahituta. Horretaz gain, argazkiak atera zizkieten lokalean ziren beste argazki batzuei. Poliziek esan zutenaren arabera, aretoan presoen argazkiak zeudeneko salaketa bat jaso zuten. Operazioan zehar, kultur elkartean txandan zegoen bazkidea identifikatu zuten eta berari leporatu zioten hartutako argazkia. Bestalde, bi bezero bultzatu zituzten. Operatiboan 18 ertzainek hartu zuten parte, haietako bi kalez-jantzita. 

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.