2012/04/12

Algortako hainbat presoren egoera okerragora doa

Argazkian, martxoko azken ostiraleko elkarretaratzea Algortan, Ertzaintzak galarazi baino lehen.

Algortako preso politikoen egoera ere islatu du Etxerat elkarteak, berriki plazaratutako martxoko hilabetekarian. Besteak beste, espetxeen egoeraren okerragotzeaz dihardu txostenak, adibide bezala jarriz Kordobako espetxea. Bertan da Jabier Gallaga Ruiz gatibu algortarra. "Azken aldian funtzionarioen jarrerak okerrera egin du. Bizi baldintzak estutu dizkiete: 4 ordu igarotzen dituzte patioan, ziegan jaten dute, miaketak egiten dizkiete ziegetatik ateratzerakoan", salatu du Etxeratek. Gogoratu behar da aipatu kartzelako preso politikoek zortzi urte daramatzatela isolamenduan. Aitor Cotano algortarrari dagokionez, Basaurira eraman behar zuten bere aitona bisitatzera, horren osasun egoera dela eta, baina azkenean bisita ukatu zioten, Etxeratek adierazi duenez. "Martxoaren 22an Burgosera eraman zuten, eta bertan bisita bertan behera gelditu zela jakinarazi zioten, epaiketa bat duelako", azaldu du presoen senideen elkarteak.

Etxerat elkarteak zerrendatutako espetxeen artean, ondoko egoera bizi dute bertan diren eskualdeko presoek:

Albocasser - Castello II
Albaro Arri Pascual "Muni" eta Jagoba Terrones Arrate

Bizi baldintza gogorrak: miaketak izaten dituzte etengabe, ziegan eduki ditzaketen gauzen murrizketa zorrotza egin diete, aurrez aurreko bisitak ziega moduko batean egiten dituzte...

Algeciras
Gorka Garcia Sertutxa "Patas"

Ziegatan egiten dizkieten miaketak areagotu dituzte.

Cordoba
Jabier Gallaga Ruiz

Azken aldian funtzionarioen jarrerak okerrera egin du. Bizi baldintzak estutu dizkiete: 4 ordu igarotzen dituzte patioan, ziegan jaten dute, miaketak egiten dizkiete ziegetatik ateratzerakoan...

Herrera de la Mancha
Aimar Hidalgo Lertxundi

Egoerak okerrera egin du oro har: murrizketak egin dizkiete ziegan eduki ditzaketen gauzen kopuruari dagokionez, ziega eta modulu aldaketak areagotu dira...

Ziegetan miaketa gogorrak izan dituzte, eta senideek ere miaketa gogorrak jasan behar izaten dituzte, bisitara joaten direnak usaintzeko zakur eta guzti.

Sevilla II
Urtzi Paul Larrea

Aitzol Gogorza oreretarraren desasistentzia medikua salatzeko baraualdiak burutu izan dituzte astelehenero; baina, orain baraualdia utzi egin dute psikologoaren bisita bat onartu diotelako.

Aitzol Gogorza Basaurira leku aldatua izan da. Sevilla II-ko presoek egun batez itxialdia burutu zuten, martxoaren 26an funtzionarioak ziegetan oso modu bortitzean sartu zirelako.

Soto del Real
Iker Beristain Gutierrez "Beris"

Martxoan hasi dira atzeratutako korrespondentzia ematen; urtarrileko gutun eta egunkariak ematen ari zaizkie.

Martxoaren 27an Soto del Real espetxeko preso politikoek itxialdia burutu zuten, azkenaldian euskal preso politiko ezberdinek jasan dituzten jipoiak salatzeko. Hurrengo egunean, itxialdiaren zigor bezala moduluetan dauden mutil guztiak moduluz aldatu zituzten.

Topas
Iñigo Otazua Urresti "Oti"

Miaketak egiten dizkiete senide guztiei (preso politikoenei eta sozialenei), zakur eta guzti.

Asteburu batean bisita intimoa zuten senide guztiek (preso politikoenak eta sozialenak) pareta bazter batean jarri behar izan zuten, eta inguruan guardia zibilak ibili ziren zakurrekin. Haurrak beste alde batean jarri bazituzten ere, hauen inguruan ere ibili ziren zakurrekin

Eta Frantzia aldean...

Lyon Corbas
Jone Lozano Miranda

Preso politikoek 18 eguneko aurrerapenarekin hartu behar izaten dituzte bisitak, preso sozialek 48 ordu lehenago hartu ahal dituztelarik.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.