2012/04/04

Etxerat elkarteak Parot doktrinaren berehalako derogazioa exijitu du

Argazkian, Etxerat elkarteak 197/2006 doktrinaren berehalako derogazioa exijitu du / © Etxerat

Mattin Troitiño (197/2006 doktrina aplikatua duen Txomin Troitiñoren semea):

Egunon, eta milesker agerraldi honetara etorri zareten komunikabide guztiei.

Gaur hemen, bizi osorako zigorra ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina aplikatuta duten euskal preso politiko guztien senideak aurkitzen gara. Pasa den ostegunean Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren aurrean, eta egoeraren larritasunak exijitzen duen moduan, agerraldi jendetsu hau egitea erabaki dugu Etxerat elkartetik.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrina aplikatu zieten 19 euskal presoren babes helegiteak atzera bota ditu. Guztira 47 helegite aztertu ditu, eta ostegunean 3 helegite onartu eta 19 atzera bota zituela jakinarazi zuen. Honek ondorio latzak ditu presoengan eta baita senide eta lagunongan ere. 30 urte espetxean igarotzeak presoen bataz besteko adina izugarri areagotzea dakar. Gainera, 30 urte espetxean igarotzeak, hau da, bizitza osoa espetxean igarotzeak ondorio fisiko nahiz sikologiko larriak garatzea dakar; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 14 presoetatik 6-k 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, eta 5 dira 197/2006 doktrina aplikatuta dutenak, eta hau ez da kasualitate hutsa. Baina, eragina ez da fisikoa soilik izaten; zure zigorra inolako azalpen juridikorik gabe eta mendeku hutsez kalera atera behar duzunean hamar urtez luzatzeak izugarrizko ondorio sikologikoak eragiten ditu. Baina, gure senide eta lagunei soilik ez diete zigorra luzatzen doktrinarekin; guri ere zigorra luzatzen digute. Bizitza osoa astebururo milaka kilometro eginez igarotzen dugu, astebururo errepidean jartzera behartzen gaituzte, hau da, gure bizitza arriskuan jartzera behartzen gaituzte.

Mendekuan oinarritutako erabaki hau ezin da arlo politikotik kanpo ulertu; helegite hauek ukatzeak presoen eskubideak urratzea dakar. Oinarrizkoak diren eskubideak, eta legez kanpokoa den bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen du. Beste behin ere euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurrien adierazle da Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia. Jada kalean behar luketen presoek espetxean jarraitu beharko dute, 197/2006 doktrinak heriotza zigorra aplikatzea ahalbidetzen baitu.

Euskal preso politikoek eta euren senide eta lagunok urte luzeetako espetxe zigorrak bete ditugu jada, eta hala ere, bizi osoan mantendu nahi dituzte preso. Hau onartezina denez, eta zigorra betea duten presoek aske beharko luketenez, Etxerat Elkartetik espainiar gobernuari zigorra beteta duten presoak berehala askatzeko, eta bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen duen 197/2006 doktrinaren berehalako derogazioa exijitzen dugu. Gure eta gure senideen bizitzekin jolasteaz utz dezatela exijitzen diegu. 197/2006 sententzia asmatu zuten moduan, bizi osorako zigorra ahalbidetzen duen doktrina hau derogatzea exijitzen diogu espainiar gobernuari.

Era berean, apirilaren 14an Gernikako Akordioak deitutako manifestazioan parte hartzeko dei egiten dugu. Berehala amaitu behar da bizi osorako espetxe zigorrarekin, eta hau ahalbidetzen duen 197/2006 doktrinarekin. Doktrina honekin euskal preso politikoen eskubideen aurka egiten da, eta horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu manifestazioarekin bat egitea. Giza eskubideei lotuta dagoen eskaera bat egingo baita bertan.

Zentzu horretan, Gernikako Akordioak iragarri moduan, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei dei egiten diegu gure senideei ezarritako bizi osorako zigorra salatzeko manifestazio honekin bat egitea, ezinbestekoa ikusten baitugu herri oso baten eskaeran bilakatzea 14ean Bilboko kaleetan zabalduko dugun salaketa erraldoia. Kontrako jarrerak, hau da, gure senideen oinarrizko eskubideen errespetuarekin bat ez egiteak, hainbeste sufrimendu eragiten duen espetxe politika kriminalaren mantentzean laguntzen duela ikusten dugu. Hortaz, oinarrizko eskubideetan sinesten duen pertsona zein eragile oro Gernikako Akordioak deitutako manifestazioarekin bat egitea espero dugu. Eskubideak eskubide direlako eta inongo interes politikorik kabidarik ez duelako oinarrizko eskubide zibil zein politikoen gainean.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.