2012/04/22

Herrian bat gehiago! Ongi etorri Beris!

Ostiraleko 21:00etan irten zen Iker Beristain Soto del Realgo espetxetik. Fidantzarik gabe kaleratu da, oraindik kolaborazio karguak mantentzen badizkiote ere. Espetxeko atarian zain zituen etxekoak eta lagunak, eta Euskal Herriko bidea hartu zuten, lehen besarkada eta musuen ostean. Algortara, larunbat goizaldeko 01:30ak aldera iritsi ziren. Herrian ere 200 lagun inguru zituen zain, eta bengala gorrien artean sartu zen auto karabana luzea jende artera, guztien txaloen eta oihuen artean. Besarkadak, malkoak, irriak, lagunak, kartzelan izandako kideak… denak elkartu ziren Berisi harrera egin eta kaleko lehen une horietako berotasuna emateko. Loreak eskaini zizkioten, aurreskua, bertsolariek adarra jo, bere determinazioa goraipatu, kartzelan gelditu direnak gogoratu eta… surf taula berria eskaini ere egin zioten. 

Gero ongi etorri, zorionak eta eskerrak eman eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) indarra azpimarratu egin zuen hizlari batek, aurrera egiteko lehentasuna eta dugun konpromiso nagusia presoak eta iheslariak ekartzea dela gogoratuz. Berisek eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei, lagundu duten guztiei, eta gogora ekarri zuen preso eta iheslariak herrira atoan ekartzeko dugun beharra. Sasian dagoen jendea gogoratu zuen bereziki, horiek guztiak ere herrira ekarri behar ditugula esateko. Berriro eskerrak emanda amaitu zituen bere hitzak, "Eusko gudariak" kantatu, jendea agurtu, tabernako hormatik argazkia kendu eta gaueko giro beroan murgildu ziren guztiak, Beris berriro herrian edukitzearen poztasunarekin eta oraindik ekarri behar ditugun guztiak gogoan.

Ongi etorri, Beris!
Preso eta iheslari guztiak herrira!



0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.