Txusen askatasuna eskatzeko ekimenak burutzen ari dira gaur egun osoan
zehar Bizkaian. Goizean elkarretaratzea egin dute eta arratsaldean
manifestazioa aterako da 19:30etan Bilboko Plaza Eliptikotik.
Adierazpenak:
Eguerdi on guztioi
Gaur, beste behin ere, Txus Martin Basauriko presoaren egoera larria
azpimarratu eta jendarteratu behar dugu. Ez da aldarri berria, baina bai
premiazkoa. Txus Martinek ezin du espetxean jarraitu. Bere osasun
egoerak hala eskatzen du. Gaixotasun psikologiko oso larria da eta bitan
saiatu da bere buruaz beste egiten.
Legez eta eskubidez aske behar luke. Egungo egoerak sufrimendua
areagotu, eskubideak urratu eta tragedia besterik ez du ekarriko. Euskal
jendartearen gehiengoak, konponbidea desiratzen duen gehiengo erraldoi
horrek, Giza Eskubide guztien errespetua nahi du. Euskal jendartearen
gehiengo zabal batentzat ulertezina da bizi arriskuan dauden pertsonak,
Txus Martin eta beste 13 euskal preso politiko, espetxean jarraitzea.
Bada garaia ankerkeria honekin amaitzeko, Giza Eskubideak errespetatu
eta konponbidearen aroari ateak parez pare zabaltzeko. Herrira
mugimendua ekinbide horretan ari da eta larunbatean GOAZEN PLAZARA!
Ekimenarekin erakutsi genuen bezala, indar metaketa eta konpromisoen
aktibaziorako bidea indartuko dugu presoek pairatzen duten giza
eskubideen urraketarekin amaitzeko.
Azkenik, bi aipamen Txus Martinen eskubideen aldeko mobilizazioen
inguruan. Aurrena, gaur arratsaldean bertan hitzordua dugu 19:30tan
Bilboko Moyua Plazan eta bestetik bihar 12:00tan osasungintza alorreko
profesionalek elkarretaratzea egingo dute Galdakako Ospitalean.
Eskerrik asko
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.