2012/05/10

Etxerat elkarteak Herrirak deitutako Goazen Plazara! ekimenean parte hartzeko deia egin du

Biki Gorostiaga (Etxerat elkarteko kidea):

Egunon, eta milesker agerraldi honetara etorri zareten komunikabide guztiei. 

Gaur Arenaleko plaza honetan bildu gara, gure atxikimendua eta babesa azaldu nahi diogulako Herrira mugimenduak maiatzaren 19rako deitu duen Goazen Plazara ekimenari.

Izan ere, urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazioan euskal gizartearen gehiengo zabal batek argi eta garbi erakutsi zuen gure senide eta lagun preso eta iheslarien eskubideen alde dagoela. Baina, Espainiako eta Frantziako gobernuek ezikusiarena egin dute, eta gure senide eta lagunen eskubideak urratzen eta espetxe politika krudela mantentzen jarraitzen dute. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dugu guztiok indarrak batzea eta gure nahia azaltzea. Pausoak ematen eta gure aldarrikapenak plazaratzen jarraitu behar dugu.

Espainiako eta Frantziako gobernuek salbuespeneko espetxe politika bat aplikatzen jarraitzen dute, eta guk eta gure senide eta lagunek salbuespeneko neurri horien ondorioak jasaten jarraitzen dugu. Eta ezinbestekotzat jotzen dugu neurri hauek desagertzea.

Azken hilabeteak ez dira errazak izan, ez guretzat eta ezta gure senide eta lagunentzat ere. Batetik, erabaki guztiz politiko bat hartuz, Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrinaren aplikazioa ahalbidetu zuen; honela gu geu eta baita gure senide eta lagunak ere bizi osorako espetxe zigorretara kondenatuz. Bestetik, Espainiako gobernuak bereziki euskal preso politikoei zuzendutako eta xantaian oinarritutako bergizarteratze plan baten berri eman zuen. Eta horrela euren oinarrizko eskubideak urratzen jarraitu ahal izateko arrazoiak bilatu zituzten. Eta azkenik, euskal preso politikoak Euskal Herrira hurbiltzearen gaia pil-pilean zegoenean, sakabanaketa politikoaren ondoriorik larrienak gertutik bizi izan ditugu. Apirileko azken asteburuan sei euskal preso politikoren bederatzi senide eta lagunek jasan zituzten istripuak euren senide eta lagunak bisitatzera zihoazela, edo bisitatik bueltan. Beste behin ere euskal preso politiko baten senide edota lagun izateagatik guk geuk jasaten dugun zigor krudel hau agerian utziz.

Euskal presoak Euskal Herrian behar dute. Bizi osorako espetxe zigorra bertan behera gelditu behar du, eta hau ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina berehala derogatua izan behar du. Zigorraren 2/3 eta 3/4ak beteta dituzten presoak kalean behar dute. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak aske behar dute, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoen osasun eskubidea bermatu behar da. Eta azkenik, salbuespeneko espetxe politika honekin berehala amaitu behar da. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauekin bat egiten dugu, eta berehala bete beharreko eskubideak dira.

Beraz, Frantziako eta Espainiako estatuak aplikatzen diguten espetxe politika kriminal honekin amaitzera behartu behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoa da euskal gizartearen presio soziala nabaritzea, guztion artean amaitu behar baitugu espetxe politika anker honekin. Gure, eta gure senide eta lagunen eskubideak errespetatuak izan behar dutelako, guk egingo dugun bezala, maiatzaren 19an zuen herri eta auzoetako plazak betetzeko deia egiten dizuegu. Plazak bete ditzagun, espetxeak husteko.

Goazen plazara!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.