2012/05/05

Presoen eskubideen alde plazak betetzeko deia zabaldu du Herrirak

Iturria: © Bilboko Branka

Herrira mugimenduak euskal preso politikoen eskubideen alde maiatzaren 19an burutuko den Goazen Plazara! egitasmoa aurkeztu du gaur goizean. Ekimenak hainbat lagunen atxikumendua jaso du eta besteak beste, Amaia Zubiria, Irati Anda, Iñaki Olasolo eta Ines Osinagak parte hartu dute aurkezpenean.

Jarduera eremu desberdinetan lanean diharduten pertsona askok bat egin dute gaur goizean Herrira mugimenduak maiatzaren 19rako antolatu duen Goazen Plazara! egitasmoaren aurkezpenean. Era horretan, euskal preso politikoen Giza Eskubideen alde hiri, auzo eta herrietako plazak betetzeko asmoa erakutsi dute eta egitasmoari babesa eman diote.

Ana Saez eta Manu Ugartemendia Herrira mugimenduko kideek agerraldian azaldu dutenez, Goazen Plazara! egitasmoak euskal preso politikoen eskubideen errespetua eskatzea izango du helburu, “garai berriotan eskari horren zabaltasuna eta sendotasuna nabarmena” delako, baina gogora ekarri dute ere, “gobernuak direla presoen eskubideak bermatzeko urratsa beren eskuetan dutenak”. Beraz, urratsa eman dezaten eskatu diete “jendarte gehiengoaren espektatibei eta bake prozesuaren premiei erantzun baikorra emanez”.

Gaurkoan ere, dispertsioaren ondorio larriak aipatu nahi izan dituzte eta joan den asteburuan dispertsioaren ondorioz istripuak izan zituzten senideei “babes eta animorik sentituena” helarazi diete.

Atxikimenduak

Atzoko egunean Herrirak Kirmen Uribe, Ramon Barea eta Gontzal Mendibilen parte hartzea baieztatzen zuen bideoak kaleratu zituen eta gaurkoan atxikimenduen zerrenda aurkeztu dute. Agerraldian atzoko bideoak ikusteaz gain, Amaia Zubiria abeslariaren eta Irati Anda eskalatzailearen testuak irakurri dira.


0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.