Lagun agurgarri hori,
Urtarrilaren 7an milaka herritarren babesa eta parte-hartzea izan zuen Bilbon egin zen herri-mobilizazio orokorrak. Euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaerek Bilboko kaleak hartu zituzten, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio historikoan. Ordutik hona, alderdi politiko askok presoen auziarekiko jarrera berriak hartu dituzte. Hori guztia kontuan hartuz, begi bistakoa da egungo kartzela-politikak ez duela sostengu politiko eta sozialik.
Alabaina, gobernuek ez dute pausorik eman eta kartzela politika ez da aldatu. Presoen gaia eguneroko mintzagai bada ere, Espainiako eta Frantziako gobernuek iraganeko jokabideari eusten diote garai berri honetan.
Horren adibide garbia da Espainiako Konstituzio Auzitegiak 197/2006 Doktrinari (Parot doktrinari) buruz emandako azken epaia. Honen bidez, kondenak beteta zituzten Euskal preso politikoek tarteratutako 31 babes helegiteetatik 28 aztertuta, hiruri baino ez die askatasun eskubidea eta babes judizial eragingarriaren eskubidearen urraketa onartu. Beste 25entzako eskubide urraketak indarrean dirau. Epai honek arrazoi juridikoak erabili beharrean politikoak erabili ditu, bakerako aukeren eta konponbide prozesuaren aurka egin duelarik.
Euskal gizartearen gehiengoaren esperantza, ordea, egiazko eta bidezko soluzioetara dago bideratuta. Gatazka betiko konpondu eta haren ondorio guztiei irtenbidea emateko, ezinbestekoa da preso eta iheslarien egoera ere konpontzea.
Herrira Mugimendu herritarrak, indar metaketa eta herriaren gogoaren adierazgarri izango den ekimena antolatzen ari da: GOAZEN PLAZARA.
Honen baitan, Maiatzaren 19an herri guztietako plazak betetzeko deialdia egiten dizuegu.
Maiatzaren 19an, denon indarraz Preso eta Iheslariak plazaratuko ditugu, Euskal Herri osoko herri guztietara, herri bakoitzean ekintza ezberdinak egingo direlarik.
Algortan 19 lagun ditugu espetxe politikak Frantzia eta Espainian zehar sakabanatuta, eta 5 lagun ihesean. Sakabanaketak, preso eta iheslariak euren senide, lagun, ezagun, lankide eta herrikideengandik aldenduta mantentzen ditu.
Maiatzaren 19an salbuespen neurri horrekin apurtuko dugu eta helburu horretan zuen laguntza ezinbestekoa da.
Herri honek askotan erakutsi du preso eta iheslariekiko maitasun eta elkartasuna, eta, beste behin ere, espiritu berarekin, Maiatzaren 19an Algortako Telletxeko Plazara elkartasuna adieraztera etor zaitezen animatzen zaitugu!
Guztion artean lortuko dugu!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.