2012/08/27

Fiskaltza Uribetxebarria baldintzapean aske uztearen aurka agertu da

Iturria: Berria.info

Argazkian, Iosu Uribetxeberria, nabarmen argalduta asteartean hartutako argazki honetan.

Iosu Uribetxebarriari baldintzapean aske uztearen aurka agertu da Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala, preso gaixoak askatasuna emateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ez dituela argudiatuz. Fiskaltzaren aurkako iritzia jakin ondotik, Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak du orain azkeneko hitza: Uribetxebarria aske utzi edo ez. Aurki jakinaraziko du erabakia.

Rubiraren esanetan, Uribetxebarriaren sintomak ikusita, haren osasun egoera ez da "terminala". Gaineratu du Donostiako ospitaleko txostenean jasotzen dela tratamenduarekin pronostikoak hobera egin dezakeela. Fiskalak adierazi du presoak ez duela kimioterapia eta erradioterapia tratamendurik jaso, oraingoz, eta horiek elementu garrantzitsuak direla eriaren "benetako bizi-itxaropena" zehazterakoan.

Iritzia osatzeko, Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak preso gaixoaren osasun egoeraren inguruan egindako txostena izan du kontuan Fiskaltzak. Auzitegiko medikuak onartzen du Uribetxebarriaren minbiziak "pronostiko oso txarra" duela eta haren egoerak "bueltarik ez" duela; baina Baena medikuak uste du Zaballako espetxean trata dezaketela —Donostiako Ospitalearen eta Leongo Ospitalearen (Espainia) txostenek diotenaz bestera—.

Minbizia du Uribetxebarriak, metastasiarekin. Gaur proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Euskal presoak hiltzeko arrisku handia duela berretsi dute txosten mediko guztiek; Donostiako Ospitalearen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa.

Donostiako ospitalearen diagnostikoa jakin berritan Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion presoari, hilaren 17an; baldintzapean aske geratu aurreko pausoa. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatu zuen Espetxeetako Zuzendaritzak. Abuztuaren 1etik dago Uribetxebarria Donostiako Ospitalean.

Iragan ostiralean, Jaiki Hadi elkarteak adierazi zuen Uribetxebarriaren gaixotasunaren jarraipena eta tratamendua preso egotearekin "bateraezina" dela. Uribetxebarriaren kasuak baldintza guztiak betetzen dituela dio elkarteak; eta ohartarazi dute baldintzapeko askatasunerako irizpideak "manipulatzen" ari direla.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.