2012/08/25

Jaiki Hadi elkarteak biziki gaitzetsi du auzitegiko medikuaren txostena

Iturria: Berria.info

Argazkian, Jaiki Hadi elkartearen agerraldia gaur, Bilbon.

Jaiki Hadi presoen prebentzio eta laguntzarako elkarteak biziki gaitzetsi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena medikuak Iosu Uribetxebarria preso gaisoaren osasun egoeraren inguruan osatutako txostena. Euskal presoa oso larri dagoela berretsi duen arren, Baena medikuak uste du Zaballako espetxean trata dezaketela. 

Iñaki Uruburu eta Estibaliz Gorostiaga Jaiki Hadi elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, Bilbon; besteak beste. Uribetxebarriaren gaixotasunaren jarraipena eta tratamendua preso egotearekin "bateraezina" dela adierazi dute. Egoera salatzeko "dagokion instantzia guztietan" kexak aurkezteko asmoa dutela esan dute. Auzi medikuari espetxeetako irizpideak "alboratzea" egotzi diote, Uribetxebarriaren kasuak baldintza guztiak betetzen dituelako, eta ohartarazi dute baldintzapeko askatasunerako irizpideak "manipulatzen" ari direla.  

Elkarteak uste du txostena "partziala eta objektibotasunik gabea" dela. Jaki Hadiren arabera, Baenak etika profesionala eta kode deontologikoa ez ditu kontutan hartzen. "Heriotz arriskuaren balorazio espekulatiboa besterik ez du egiten", nabarmendu dute ordezkariek. Hala, txostenak prozesua "oztopatzeko" helburua duela esan dute. Gainera, "iraingarritzat" jo dute osasun alorreko profesional batek 56 urteko preso batentzat hamaika hilabeteko bizi itxaropena epe luzekoa dela adieraztea.

Atzo Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari helarazi zioten auzi-medikuaren txostena. Epaileak Pedro Rubira fiskalaren eskuetan utzi du informazio hori, honek Uribetxebarria baldintzapean askatzearen aldeko edo aurkako iritzia eman dezan. Azken hitza epaileak izango du.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.