Herrirak doluminak, babesa eta gertutasuna
helarazi nahi dizkio Celestino Galan euskal iheslari politikoaren senide
eta inguru afektibo osoari. Celestino Galan Venezuelako Carabobo
Estatuan hil zen auto batek harrapatu ondoren. Jazoera iragan den
irailaren 19an suertatu zen.
Celestino Galanek 53 urte zituen eta hiru
hamarkada baino gehiago zeramatzan Euskal Herritik kanpo. Bilbotarra
sortzez, bizitza erabat normala egiten zuen Venezuelan. Bertan
lurperatua izan da eta adin txikiko seme bat uzten du.
Zoritxarrez, ez da euskal iheslari politiko
baten heriotzaren berri dugun lehen aldia. Euskal Herriak hamarkada
luzez bizi izan duen gatazka gogorraren ondorioa den errealitate baten
aurrean gaude. Sorterritik milaka kilometrotara hiltzen diren iheslari
politikoak.
Euskal jendarteak urtetako sufrimendua, mina
eta gatazka atzean utzi eta bake eta konponbide agertoki bat eraikitzeko
unea da. Bide horretan, ezinbestekoa izango da gatazkak eragindako
ondorioak konpontzea, iheslari politikoen itzulera horietako bat izanik.
Horiek horrela, Herrirak pertsona guztien giza
eskubide guztien errespetuarekiko duen konpromisoa aldarrikatzen du
beste behin ere eta ekinbide horretan gatazka politikoaren ondorioz
Euskal Herria utzi behar izan zuten herritarren eskubideen alde lan
egiten jarraituko duela berresten du. Izan ere, argi dugu euren itzulera
konponbidera eta bakera definitiboki hurbilduko gaituen gakoetako bat
dela.
Azkenik, une gogor hauetan besarkada handi bat bidali nahi diogu Celestino Galanen senide eta lagunei.
Eskerrik Asko
Etxerat elkartearen oharra:
Celestino Galan errefuxiatu politikoa hil da Venezuelan
Celestino Galan errefuxiatu politiko bilbotarra
irailaren 19an hil zen Venezuelan, 53 urte zituela. Istripuz hil zen,
auto batek harrapatuta. Celestino Venezuelako Carabobo estatuko
Valentzia hirian bizi zen, eta bertan seme bat ere bazuen, 5 urtetakoa.
Guztira 30 urte baino gehiago zeramatzan Celestinok etxetik kanpo.
Une honetan Etxerat elkarteak bere babesa eta
elkartasuna adierazi nahi die Celestino Galanen senide eta lagunei. Eta
era berean, horrelako egoerak errepika ez daitezen euskal errepresaliatu
politikoek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.
Azken urteetan jasandako jazarpen politikoaren
ondorioz eta torturak jasateko beldurraren ondorioz, gure senide eta
lagun askok ihes egin behar izan dute euren etxeetatik; ez dakigu non
bizi diren ez eta zein bizi baldintzetan bizi diren. Egoera hau bereziki
zaila da euren senitartekoak non eta nola dauden ez dakitenentzat.
Zenbait iheslari Euskal Herritik milaka kilometrotara
bizi dira: Venezuelan, Panaman, Kuban, Mexicon, Belgikan, Cabo Verden
eta beste hainbat herrialdetan. Sarri egoera benetan latzak bizi
dituztelarik. Gainera, momentu oro atxilotuak, torturatuak eta
espetxeratuak izateko beldurrarekin bizi dira.
Errefuxiatu politikoen senide eta lagunek oso egoerak
zailak bizi behar izaten dituzte. Erabateko ezjakintasunarekin bizi
dira egunero. Eurekin komunikatu ahal duten kasuetan, hainbat oztopo
gainditu behar izaten dituzte horretarako. Horrez gain, beraiek bisitatu
ahal izateko gastu ekonomiko handi bati aurre egin behar izaten die.
Eta oztopo hau gainditzea lortzen dutenetan ere, estatuen
errepresioarekin aurkitzen dira. Egoera guztiz zailtzen dutelarik.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.