2012/10/10

Enara Rodriguez, Arkaitz euskal preso donostiarraren arrebak, jazarpen egoera bat bizi behar izan du bisita batetik bueltan

Iturria: Etxerat

Argazkian, Enara Rodriguez, Arkaitz euskal presoaren arrebak, jazarpen egoera bat bizi behar izan du bisita batetik bueltan.

"Ni erahiltzea zela helburua pentsatu nuen, baina, beraien 'partehartzerik' gabe". Honela amaitzen du Enara Rodrigezek atzo jarritako salaketan agertzen den testigantza.
 
Enara Rodriguez, Arkaitz Rodriguez euskal preso donostiarraren arreba da, eta irailaren 28an bere anaia Logroñoko espetxean bisitatzetik zetorrela egoera latz bat bizitzea egokitu zitzaion. Izan ere, bisitatik bueltan zetorrela, Logroñotik Iruñera doan A-12 autobian, bere alboan zihoan Opel Astra markako auto gris batek zuen jarrera arraroaz ohartu zen. Berak abiadura azkartu ala moteldu arren, autoa momentu oro bere alboan mantentzen baitzen. Bi gizonezko zihoazen autoan. Irteera baten parean, auto hau Enararen autora gerturatzen hasi zen, bera errepidetik ateratzeko asmoz. Azkenean, irteera hartu behar izan zuen, eta une horretan autoaren kontrola galdu, eta 3 edo 4 buelta eman zituen, inongo momentutan irauli ez zelarik.
 
Bertan geldirik zegoela, bi gizon autoaren inguruan zituela konturatu zen. Gizonezkoetako batek iraindu egin zuen Enara, autotik jaisteko esaten zion bitartean. Halako batean poliziaren plaka bat erakutsi zion gizon hauetako batek, Polizia Nazionalarena zela iruditu zitzaiolarik, eta berriz ere kotxetik jaisteko esan zion. Bost minutu inguruz egoera horretan egon ondoren, Enarak leihatila jaistea erabaki zuen, eta hau baliatuz bere alboan zegoen gizonezkoak atea ireki eta iletik tiraka atera zuten autotik. Irain eta mehatxu artean lurrera bota zuen. Etengabe irain sexistak entzun behar izan zituen, eta bera bortxatuko zutela esanaz ere mehatxatu zuten. Momentu batean, lurretik altxatzea lortu zuen eta polizia batek airean hartu zuen, eta eskumuturrak atzean loturik bezala heldu zuen. Orduan, ukitzen hasi zitzaizkion, eta berriz ere mehatxuak eta irainak entzun behar izan zituen. Berriro, lurrera bota zuten. Enarak aurre egin zien eta ondorioz horrelako gauzak entzun behar izan zituen: "como no te calles y dejes de insultarnos esta noche tendremos algo que celebrar", "eres una zorra valiente, ya veremos después de violarte si sigues igual"...
 
Azkenean, lepotik eutsita lurretik altxa zuten, eta bost minutuz alde egiten utziko ziotela esan zioten. Azkar joateko, zeren berriro aurkitzen bazuten, ez zuela kontatu ahal izango esan zioten. Enara izugarrizko abiadan abiatu zen, azkarregi zihoala konturatu zen arte. Eta horrela jarraituz gero, beraiek nahi zutena lortuko zutela pentsatu zuen, istripua izatea berak bere kabuz. 
 
Nola ulertu behar dugu gertaera hau? Nola ulertu behar du gizarteak? Enarak jasan behar izan duen egoera bezalakoak are argiago erakusten du, euskal preso politikoen senide eta lagunok jasan behar izaten dugun jazarpena. Gu zigortzen gaituzte sakabanaketarekin, eta zigor hau betetzen ari garenean, gaineratutako zigor, jazarpen eta tratu txar hauek jasan behar izatea oso larria, larriegia iruditzen zaigu. Hau onartezina da eta ezinbestekoa da hau ahalbidetzen duen sakabanaketarekin berehala amaitzea, gure eta gure senideen eskubideengatik, eta baita gure segurtasunagatik ere. Gainera, Enarak jarritako salaketaren hariraezinbestekoa ikusten dugu zer gertatu den argitzea, eta honen aurrean erantzunkizunak aurkitzea.
 
Gure senide eta lagun diren euskal preso politikoei salbuespeneko espetxe politika bat aplikatzen zaie, baina guk geuk ere espetxe politika hau jasan behar izaten dugu. Sakabanaketa da senide eta lagunok sufritzen dugun zigorra. Sarri bidaia hauek egiteko baldintzak gogorrak izaten dira: bisiten ordutegi desegokiak, senideok espero gabe gure senide eta lagunen espetxetik espetxerako lekualdatzeak, eguraldia, miaketak, gastu ekonomikoa... Eta baldintza hauek ondorio latzak izaten dituzte, istripuak eta heriotzak direlarik gogorrenak. Bidaietan bizi dugun tentsioak eta izaten dugun neke fisikoak hainbat istripu izatea eragiten du, eta jada 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan. 2012. urtean hamabi istripu jasan dituztelarik senide eta lagunek. Larriena Mikel Egibarren senideek abuztuan jasan zutena, eta egun oraindik ondorio latzak jasaten ari direna.
 
Hala ere, eta jada esan dugun bezala, guk gure senide eta lagunak maite ditugu eta etxean nahi ditugu. Horregatik, eta guretzat eta eurentzat beharrezkoa denez, gure senide eta lagunak bisitatzen jarraituko dugu.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.