Herrira mugimendutik autokritika egin nahi dugu azaroaren 10eko
dataren harira izandako arazoak direla eta. Honekin batera, Askapenari
eta Ipar Euskal Herriko Bertsularien lagunak elkarteari barkamenak
eskatu nahi dizkiogu sortutako eragozpenengatik.
Ipar Euskal Herrian mobilizazio handi bat egiteko asmoa jakinarazi
genuen udaberrian, baina abuztuan jakin genuen EAEko hauteskundeak
aurreratu zituztela, mobilizazioaren data kanpainaren erdian egokitu
zelarik. Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzea xede duen
mobilizazio hau hauteskunde kanpainatik kanpo burutzea egokiago iritzita
manifestazioa atzeratzea erabaki genuen, hitzordu berria azaroaren
10ean jarriz.
Gaizki ulertu batzuen ondorioz, Euskal Herrian herri mugimenduak
aurrez antolaturiko bi ekimenen data berean ezarri dugu manifestazioa,
honek hainbat kexa eta eztabaida sortu dituelarik.
Horregatik, Herriratik autokritika egin nahi dugu modu publiko eta
gardenean, data honen inguruan nahikoa arreta jarri ez izanagatik.
Herritarrei dei egin nahi diegu Askapenaren 25. urteurrena dela eta
burutuko diren ekitaldi eta ekimenetan parte hartzera. Modu berean,
Baionako manifestazioa amaituta, arratsaldeko 17:30etan Baionan izango
den bertso finalean parte hartzeko deia ere zabaldu nahi diegu
bertaratzen direnei.
Datozen ekimenekin arreta gehiago gordetzeko konpromisoa hartzen dugu Herriratik.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.