2012/10/18

Sei preso ohi epaitu dituzte preso gaixoen askatasuna galdegiteagatik


Ikusi bideoa

Iturria: Bilboko Branka

Bilboko Aste Nagusian Espainiako Gobernuko ordezkaritzan kateatu ziren Iosu Uribetxebarria eta bera bezala larri gaixorik dauden beste 13 presoen askatasuna exijitzeko. Auzipetuek diote Estatua bera izan beharko litzatekeela epaitua gaixorik dauden presoei dagokien eskubideak ez errespetatzeagatik.

Bilboko Lurralde Auzitegiak sei euskal herritar epaitu ditu gaur goizean joan den abuztuaren 24an, Aste Nagusian, larri gaixo dauden preso politikoen askatasuna eskatzeko Espainiako Gobernu ordezkaritzan ekintza egiteagatik. Herrirak Iosu Uribetxebarriaren eta beste 13 preso gaixoen askatasuna eskatzeko egunero-egunero plaza Eliptikoan egindako elkarretaratzeetako bat aprobetxatuta egin zuten ekintza.

Agustin Figalek gaur epaitu dituzten sei lagunen izenean adierazi duenez, argi ikusi zuten Iosu Uribetxebarria preso mantentzeko erabakiaren atzean “erabaki politiko bat zegoela”. “Espainiar delegaritzan kateatu ginen eta preso horren eskubidea eskatzearren atxilotu gintuzten, hau da, kalean egoteko eskubidea”, adierazi du Figalek.

Ildo horretan, larri gaixo egonda ere oraindik “espetxe politika dela medio espetxean bahituta jarraitzen duten” 13 euskal presoen egoera salatu du.

Figalek azaldu duenez, auzipetuei falta delitu bat egozten diete eta horrek esan nahi du zigorra “isuna” izan daitekeela. Hala ere, argi salatu nahi izan dute epaiketaren izaera “politikoa” eta ez dute ulertzen larri gaixo dauden presoei berez dagozkien eskubideak defendatzeagatik sei lagun epaitzea. Horregatik, epaiketa bertan behera geratu eta Estatua bera epaitu beharko luketela uste dute.

Herrirak epaiketa salatzeko elkarretaratzea egin du epaitegiaren atarian epaiketak iraun duen bitartean.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.