Bideoa ikusi eta zabaldu
Iturria: Berria.info
"Hizketan hasi zitzaizkidan, nire izenez
zuzenduz lehen unetik. Esaten zidaten aspalditik zeukatela gogoa nirekin
egoteko, eta aukera hori aprobetxatu nahi zutela, bakarrik eta leku
lasai batean egonik". Halaxe hasi du gertatuaren testigantza Izaro
Arruartek. Tenerifen oporretan zegoela, bi gizonezko hurbildu
zitzaizkion polizia plakak erakutsiz. "Ni atxilotzeko adinako frogak
bazituztela esan zidaten, eta oso akusazio larriak egin zizkidaten".
Jakinarazi du egoera politikoaz hitz
egiteko eskatu ziotela, bi presoren senide izanik, bere iritziak asko
balio zuela eta. "Esan zidaten amak suhia eta semea espetxean edukita
nahikoa baduela eta ea gai izango nintzen ni ere espetxeratzen uzteko,
egoera hori gehiago zailtzeko. Ez nuen hitz egiten, eta gauza bera
errepikatuz jarraitu zuten 15-20 minutuan". Tarte bat pasatuta, hurrengo
goizean leku berera azaltzera gonbidatu zuten. Arruarte ez zen zitara
agertu, eta salaketa ere jarri du.
Testigantza hori euskal presoen senideek jasaten duten jazarpenaren
erakusle da, Etxerat elkarteko Elias Minerren hitzetan. Urriaren 9an Enara Rodriguezek salatutakoa
ekarri du gogora, eta salatu du "onartezina" dela senideen aurkako
eraso horiek gertatzea: "Jasaten dugun zigorra alde bikoa da. Batetik,
gure senide eta lagunei ezarri zaien espetxe zigorra, guk ere pairatzen
duguna. Eta, bestetik, askotariko bideetatik ezartzen zaigun zigorra:
sakabanaketaren, jazarpenaren, mehatxuen, miaketen eta abarren bidez".
Minerren esanetan, euskal gizartearen gehiengoak "itxaropen garaiak"
izan arren, "errealitate ilun batean" jarraitzen dute euskal presoen
senide eta lagunek. Horrela, hainbat komunikabide eta eragile politiko
eta sozialen "erantzunik eza" salatu du, eta dei egin die ahal duten
guztia egitera euren eskubideak errespeta daitezen.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.