2013/04/15

“Preso politikoen egoera eta gatazkaren konponbidea” mahai-ingurua izango da ostegunean Bilbon

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) bitartekari taldeak gaur goizean Bilbon egindako agerraldian adierazi du gatazka politiko bat dagoen unetik, preso politikoak daudela. "Gu bitartekariak garenez, eta euskal preso politikoek euren burua politikotzat dutenez, guk ere politikotzat ditugu, eta uste dugu gatazka politiko baten ondorio direla", argitu dute. Mundu osoan "milaka preso politiko" daudela gogorarazi dute: Saharan, Palestinan, Kolonbian, Kurdistanen, Irlandan... Osteguneko mahai inguruan, hain justu, munduko hainbat lekutako gatazken konponbideak izango dituzte hizpide. Parte hartzaileen artean izango dira Hahdan Didamiri (Palestina), Oier Gonzalez (Euskal Herria), Fayick Yagizai (Kurdistan) eta Javier Orozko (Kolonbia). Moderatzailea Txente Rekondo izango da. Eta, bideo bitartez, Seanna Walsh (Irlanda) eta Robert McBride (Hego Afrika) ere izango dira ekitaldian. Hitzordua 18:00etan jarri dute, Bilboko EHUren paraninfoko Bizkaia aretoan. 

EPPKren bitartekari taldeko Gaizka Jareño, Mitxel Sarasketa, Egoitz Lopez de la Calle eta Aitziber Sagarminaga izan dira agerraldian. Nabarmendu dute mahai inguruko edukiak aberasgarriak izango direla Euskal Herrian zabalik dagoen prozesurako. Alderdi politiko eta sindikatuei horretan parte hartzeko deia egin dietela azaldu dute; oraindik ez dute erantzunik jaso.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.