Datorren urtarrilaren 12an burutuko den
manifestazioari begira, ekitaldi sorta baten lehendabiziko kapitulua
idatzi zuten atzo Gernikan euskal preso eta musikariek. Poesia eta
doinuak ederki uztartu zituzten protagonistek oraindik ehunka ohe huts
daudela gogoratzeko.
Agertoki horretan, ikuskizun ederra marraztu zuen Herrirak. Oso
ederra. Zenbait preso politikoren poema eta gutunak euskal talde
ezagunen saioekin uztartu zituzten, neurri ederrean. Ez zen ezer faltan
bota, ez zen ezer soberan izan. Horren froga nabarmenena, gerturatukoen
zirrara aurpegi disimulaezina. Malko batzuk agertu ziren baita, bikote
baten begi ninietan, Mikel Antzak bere familiari bidalitako gutuna
Gotzon Barandiaranek irakurri zuenean.
Atzoko ekitaldia, "Herrira Noa" izena izan zuena, atzotik datorren
urtarrilera burutuko diren ekitaldi sortaren lehendabizikoa izan zen.
Antolatzaileek argitu bezala, artisten izenak ez ziren aurretik aditzera
eman, eta, hortaz, hauen agerpena ikusminez espero zen publikoan.

