Datorren urtarrilaren 12an burutuko den
manifestazioari begira, ekitaldi sorta baten lehendabiziko kapitulua
idatzi zuten atzo Gernikan euskal preso eta musikariek. Poesia eta
doinuak ederki uztartu zituzten protagonistek oraindik ehunka ohe huts
daudela gogoratzeko.
Agertoki horretan, ikuskizun ederra marraztu zuen Herrirak. Oso
ederra. Zenbait preso politikoren poema eta gutunak euskal talde
ezagunen saioekin uztartu zituzten, neurri ederrean. Ez zen ezer faltan
bota, ez zen ezer soberan izan. Horren froga nabarmenena, gerturatukoen
zirrara aurpegi disimulaezina. Malko batzuk agertu ziren baita, bikote
baten begi ninietan, Mikel Antzak bere familiari bidalitako gutuna
Gotzon Barandiaranek irakurri zuenean.
Atzoko ekitaldia, "Herrira Noa" izena izan zuena, atzotik datorren
urtarrilera burutuko diren ekitaldi sortaren lehendabizikoa izan zen.
Antolatzaileek argitu bezala, artisten izenak ez ziren aurretik aditzera
eman, eta, hortaz, hauen agerpena ikusminez espero zen publikoan.
Bi ordutan zehar, protagonista ezberdinek euren ahotsa eta soinuak presoen euskal herriratzearen alde jarri zituzten. Mekanismoa sinplea zen: presoen poema eta gutunak irakurtzen zituzten, eta, ostean, momentu horretara arte ilunpetan ziren musikarien abestiek hartzen zuten protagonismoa. Txandakatze horrekin, monotonia ekiditea lortu zuten Herrirako kideek, eta, bide batez, publikoaren arreta momentu oro piztuta mantentzea.
Sarrionaindia, Gernikan
Emozio eta sentimenduen koktel horretan, Mikel Urdangarinek bere hitz goxoen nektarra eskaini zien bildutakoei. Zornotzarrak Unai Iturriagaren eta Xabier Amurizaren letrak ederki asko kantatu zituen.
Aipatu bezala, Sarrionaindiak bikain nabarmendu zuen bakardadea, baina beste hainbat preso politiko eta iheslari ere ez ziren atzean geratu. Mikel Antza, Oier Goitia edo Jokin Urainek euren drama pertsonalaren irudia Gernikara eraman zuten tintaz.
Tartean, gitarra akordeak gernikarren erraietan barrena murgildu ziren, ez daudenen oroimenez egindako kantuen bidez. Lopetegi kantautoreak eta Xabi Solanok bikain burutu zuten eginbehar hori. Esne Beltza taldeko abeslariak garai zaharretako letrak armairutik atera eta Etzakit bere talde ohiaren "Urrun izan arren" abestia kantatu zuen. Hori bai, DJ batek lagunduta. Garai berrien sintoma.
Anje Duhalde, zirrara eraginez
Hutsa eta Doblea bikoteak Mikel Intxaurragaren poemari musika jarri zion, Maria Riveroren ahots ederraz lagunduta. Bide Ertzean taldeak ere ekarpen bikaina egin zion ekitaldiari. Bereziki txalotua izan zen Deabruak Teilatuan taldearen "Zuentzat" abestia, Naroa Gaintza Amaiur eta Sokaide taldeetako abeslariarekin batera emana. Keu Agirretxe kantautorea ere elkartasunaren itsasargi bihurtu zen Jai Alai frontoiko iluntasun beltzean.
Baina, duda barik, hunkigarritasunaren eta zirraren klimaxa Anje Duhaldek ekarri zuen Gernikara.
Arrangoitzeko artistaren ahots sakona euskal presoen senide eta lagunen bihotzetara heldu zen. "Amnistiaren dema" frontoian bildutako guztien eztarrietatik entzutea bizitzan ahazten ez den momentu horietakoa izan zen. Zahar, gazte, ume, emakume zein gizon, denak elkartasunaren ikur bihurtu ziren.
Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko liderrak eman zion ikuskizunari behar zuen amaiera apal eta ederra. Artea, etorkizunean aulki huts gehiago egon ez daitezen.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.