2011/11/17

Etxerat: "Euskal jendartearen gehiengo zabal batekin batera, gure senide eta lagun presoen eskubideak errespetatuak izatea exijitzen jarraituko dugu"

Entzun berri ditugun testigantzak, gure senide eta lagun presoek pairatzen duten errealitate gordinaren adibide bat besterik ez dira. Izan ere, erabilpen, errepresio eta mendeku klabetan eraikia dagoen espetxe politikak etengabe urratzen baititu oinarrizko eskubideak.

Errealitate krudel eta triste honi berehalako amaiera eman behar zaio. Euskal preso politikoen senide eta lagunak arrisku larrian gaude. Astebururo, edozein errepide edo bihurgunetan gure bizitzak jokoan daude. 2011an, 13 dira pairatu ditugun ezbeharrak eta azken 22 urtetan 400 dira sufritutako istripuak.

Astebururo milaka lagunek milaka kilometro egin behar izaten ditugu bisita bat burutu ahal izateko. Hortaz, probabilitate kontua da istripu bat pairatzea. Errusiar erruleta maltzur honekin berehala amaitea exijitzen dugu. Ezin dute gure bizitzekin jolasten jarraitu.

Iragan den asteburuan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), salbuespeneko neurririk bortitzenak pairatzen dituzten presoek euren askatasuna eskatuko dutela iragarri zuen. Erabat beharrezkoa den neurria da gure ustetan. Izan ere, euren kondena bete dutenak, 197/2006 doktrina aplikatuta edota euren zigorren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dituzten presoak aspaldi aske behar zuten.

Euren egoerak ezin dira minutu bat bera ere luzatu. Espetxean mantentzen dituzten arrazoiek zerikusi gutxi dute zuzenbidearekin eta mendeku gosean dute oinarria.

Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten presoak ere berehala askatu behar dituzte. Txus Martinen egoerak bereziki kezkatzen gaitu. Martín Basauriko espetxera eraman dute, baina bere osasun egoerak berehala aske uztea exijitzen du. Horrekin batera, ezin dugu ahaztu espetxeak gaixotasun eta infekzio iturri direla eta euskal presoen kolektiboa osatzen duten pertsonen artean laurden batek osasun arazoren bat sufritzen duela.

Espetxetako bizi baldintzak, Liancourten berriz ere tristeki frogatu dugun gisara, gure senide eta lagun presoen bizitzak arriskuan jartzen dituzte. Tamalez, ez da lehen aldia non preso arrunt batek bere buruaz beste egiteko saiakera egiten duen frantziar Estatuan. Honen aurrean, berriz ere, funtzionarioek denbora gehiegi tardatu dute gure senide eta lagun presoen segurtasuna bermatzen.

Guzti honekin bukatu behar dugu. Etxerat Elkarteak, Euskal jendartearen gehiengo zabal batekin batera, gure senide eta lagun presoen eskubideak errespetatuak izatea exijitzen jarraituko dugu. Azken preso eta iheslaria etxeratu artean lanean segituko baitugu. Guztion ardura baita guztiok garaile izango garen etorkizun integratzailea eraikitzea. Guztion ardura da preso eta iheslaririk gabeko eszenatoki bat eraikitzea. Guztion ardura da gure senide eta lagunak espetxera edo erbestera eraman dituen gatazkaren erro eta ondorioei heltzea. Orobat, guztion ardura da konponbide demokratiko bat artikulatzea guztion ardura da.

Hori da gure nahia eta ziur gaude euskal jendartearen gehiengo zabal eta askotariko batek gurekin bat egiten duela. Hortaz, atsedenik gabe, beste eragileekin batera eta euskal jendartearen eskutik, lanean jarraituko dugu, testigantza zuzena eskainiz eta edozein eskubide urraketa salatuz. Gure senide eta lagunak etxeratu arte.

Eskerrik asko.

Etxerat

Gaur eman du prentsaurrekoa Etxerat elkarteak.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.